Igandea,
2024ko Maiatzak19

MugaKultura

loader-image
Durango
7:30 am,
temperature icon 13°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Unai Iturriaga durangarrak eta Aitor Bizkarra abadiñarrak pozez hartu dute bertsoen itzulera Plateruenako berotasunera

Jon Baraja

Plateruenak ohiko jarduera bat berreskuratu zuen 2022a agurtzeko: Urteko Azken Bertso Saioa. Giro aparta bizi izan zen -sarrerak bi egunetan agortu ziren- eta punta-puntako bertsolariek hartu zuten parte, haien artean Aitor Bizkarra abadiñarra eta Unai Iturriaga durangarra. Azken hau gaiak jartzeaz arduratu zen.

Unai Iturriaga eta Aitor Bizkarra. © BERBARO

Urte bi eta gero, Berbaro Elkarteak mimoz antolatzen duen Urteko Azken Bertso Saioa Plateruenara bueltatu zen pasa den ostiralean, abenduaren 30ean, gune honen berrirekiera aprobetxatuz. Durangoko oholtzara igo ziren protagonisten artean eskualdeko bi bertsolari egon ziren: Aitor Bizkarra Ruiz abadiñarra eta Unai Iturriaga Zugaza-Artaza durangarra. Lehena kantatu zuten sei bertsolarietako bat izan zen eta bigarrena gai-jartzaile bezala aritu zen.

Gau polita bizi izan zen jendez beteriko Plateruenan. Izan ere, sarrerak 48 ordu baino gutxiagoan agortu egin ziren. “Jendeak oso pozik hartu du Plateruenara itzultzea, giro pixka bat informalagoarekin”, adierazi zion Iturriagak Muga Kulturari. Aurreko edizioa, 2021ekoa, San Agustin Kultur Gunean burutu zen. “San Agustin ez da leku txar bat, baina Urteko Azken Bertso Saioak bazeukan Plateruenan toki bat eginda eta giro bat”, azaldu zuen eskarmentu handiko bertsolariak, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako garailea birritan, zehazki 1994an eta 1996an.

Plateruena. © Berbaro / Muga Kultura

“Niretzat poz handia izan da Plateruenara bueltatzea”, nabarmendu zion Bizkarrak komunikabide honi.  Bertan beste bost bertsolari izan zituen kantukide oholtza gainean. Konkretuki, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Alaia Martin eta abenduaren erdialdean Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela hirugarrenez jantzi zuen Maialen Lujanbio. “Giroa oso beroa eta esker onekoa izan da”, azpimarratu zuen Abadiñoko gazteak.

Gogoratu beharra dago Durangoko Udala arduratuko dela hemendik aurrera 2020ko amaieran ateak itxi zituen gune hau kudeatzeaz eta, aurreratu zutenaren arabera, martxoan berrirekiko dela behin betikotasunez jarduera kulturalak hartzeko helburuarekin. Plateruenaren berrirekiera “albiste ona da, duda barik”, esan zuen Iturriagak. Dena den, “orain ikusi beharko da irekiera nolakoa den, zer parte-hartzerekin… Oraindik inkognita txiki bat da”, onartu zuen durangarrak.

· Argazkiak © Berbaro Elkartea

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu