Asteartea,
2024ko Maiatzak07

MugaKultura

loader-image
Durango
8:00 am,
temperature icon 11°C
Humidity 96 %
Ráfagas de viento: 17 Km/h

Igorreko Fernando Rekalde izan da odoloste onena egin duen harakina

Ostiraletik igandera arte, ‘Buzkantz jaia’ ospatu da Elorrion. Urtero bezala, arrakasta handia izan duen ekimena izan da; Juan de la Rubiaren organo kontzertuan nahiz zapatuan Elorrioko Merkatarien Elkarteak antolatutako pintxo biran, jende ugari batu zen. “Zapatu arratsalderako hainbat tabernatan ez zen odoloste pintxorik geratzen. Oso giro ona egon zen herrian”, azpimarratu du Alazne Mendizabal Turismo zinegotziak.

Domekan, berriz, herri dastaketa eta odoloste txapelketa egin ziren: “Jende asko gerturatu zen; gehiengoa Elorriokoa, baina inguruko herrietatik ere etorri zen jendea”.

Botoen %34,8rekin herritarrek erabaki zuten odoloste onena Igorreko Fernando Rekalde harakinak egin duela. Lagun Toki elkartean egon zen Rekalde, eta 200 euroko saria jaso gaur Elorrioko Udalaren partetik. “Beste hiru harakinei ere eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartzeagatik eta bakoitzak 50 eurotako bi bono izango ditu EMEko dendetan erabiltzeko”, gaineratu du zinegotziak.

Bestetik, Mendizabalek azaldu du Iturrisoro Elkartearekin koordinazio estua izan duela Udalak: “Hainbat bilera egin ditugu dena ondo antolatzeko, baina dirudienez, motz geratu gara; herritar guztiek ez zuten aukerarik izan pintxo guztiak dastatzeko. Egoera aztertu eta berriz ez errepikatzeko lan egingo dugu”.

Bukatzeko, bozketan parte hartutako herritarren artean ere beste bi sari banatu dira: Mikel Acedo eta Leire Kortabarria izan dira irabazleak. Bakoitzak 50 eurotako bono bat jaso du, EMEko dendetan erabiltzeko.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu