Ostirala,
2024ko Maiatzak03

MugaKultura

loader-image
Durango
6:54 am,
temperature icon 8°C
Humidity 96 %
Ráfagas de viento: 12 Km/h

«‘Plateruena ta gero zer?’ dinamikak bere bidea amaitu du»

Testua · Plateruena ta gero zer? dinamika

Denbora luzea daramagu isilik, baina ez geldi. Plateruena ta gero zer? dinamika gidatu duen talde eragiletik mezu hau helarazi gura diogu dinamikan modu batean ala bestean parte hartu duten guztiei, eta baita proiektuan interesa eduki duten guztiei ere.

Orain dela ia urte eta erdi gure proposamena publikoki aurkeztu ostean, Plateruena ta gero zer? dinamikako talde eragilea eta Durangoko Udalaren arteko komunikazio bideak irekita egon dira, eta batzar batzuk ere egin ditugu. Hasieratik harremana ona izan den arren, azken urtebetean geroz eta hotzagoa izan da, eta hilabete luzeetan ez dugu Udalaren berririk eduki. Dinamikaren ondorioekin proiektu bat eta kudeaketarako talde bat aurkeztu genituen, eta talde eragiletik proiektu hori aurrera eramateko egin dugu lan denbora honetan guztian.

Urte amaierara iristen ari gara, eta oraintsu jakin dugu zelakoa izango den Plateruena berria. Udalak baditu kudeaketa eredu bat eta proiektu bat. Gure proiektuaren gidalerro nagusienetako asko barnebiltzen baditu ere, ez da Plateruena ta gero zer? dinamikatik ondutako proiektua gauzatuko. Proiektu parte-hartzailea izango dela azaldu eta gonbidapena luzatu digute pare bat ordezkarirekin proiektu berrian parte hartzeko. Alde batetik, lerro nagusiak konpartitzen baditugu ere, zehaztasunetan sartuta zalantza ugari sortu dizkigu; eta, bestetik, ibilbide bat amaitu dela eta dinamikaren izenean jarduten jarraitzeak zentzurik ez duela uste dugu.

Sentsazio gazi-gozoa dugu. Gozoa, proiektu berriak Plateruena ta gero zer? dinamikak proposatutako zutabe nagusiak barnebiltzen dituelako, eta uste dugulako egindako lanak bere fruituak eman dituela, eragina izango duela Plateruena berrian, nahiz eta gure kudeaketa proposamena baztertua izan den. Gazia, erabakiak lehenago hartu zitezkeela uste dugulako, eta bidean indar eta ilusio asko galdu dugulako. Prest egon gara laguntzeko eta gure ekarpenak egiteko, eta lan handia egin zitekeen denbora honetan proiektu berria lantzen joateko.

Dinamika moduan gure ibilbidea amaitu da. Zorte ona opa diogu Plateruena berriari, espero dugu euskal kultura sustatzeko lekua izatea, komunitate bat sortzeko gaitasuna edukitzea eta gune euskalduna izatea. Guk, parte hartu edo ez, norbanako moduan egingo dugu. Dinamikako talde eragiletik, eskerrik beroenak eman gura dizkiegu bide hau posible egin duten guztiei, proiektua osatzeko egin genituen parte hartze saioetara etorri zirenei, banakako elkarrizketetan proposamenak egin zizkiguten pertsona eta elkarte guztiei, aholkularitza legala eman digutenei, haien funtzionamendua erakutsi ziguten Euskal Herriko zenbait kulturguneri, eta, oro har, proiektuan interesa eduki duten guztiei. Eskerrik asko bidea egiteagatik.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu