Ostirala,
2024ko Maiatzak03

MugaKultura

loader-image
Durango
5:24 am,
temperature icon 8°C
Humidity 96 %
Ráfagas de viento: 10 Km/h

Garaiko VIII. Landara eta Lorazaintza Azoka egingo da apirilaren 10ean

Garaiko Udalaren eta  Urkiola Landa Garapenerako Alkartearen eskutik, San Migel Garaiko Nagusien Elkartearen laguntzarekin, Garaiko VIII. Landara eta Lorazaintza Azoka egingo da apirilaren 10ean, igandearekin. Duela bederatzi urte sortu zen azoka honek arrakasta handia izan du hasieratik bertatik, eta gure asmoa da herriko eta kanpoko landareen eta loreen topaldia den aurtengo edizioa ere, zortzigarrena, arrakastatsua izan dadin, giro jator eta herrikoiz blai. Ingurumari horretan, Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak 2020 eta 2021 urteetan izurriteak eragindako etena gainditu eta azoka berreskuratzeko ahalegina egin dute.

Azoka egunaren aurretik, apirilaren 5ean, Berez ernatutako basoen kudeaketa eta bioekonomiari buruzko hitzaldia eskainiko da, 19:00etan, Garaiko udaletxean. Aitor Onaindia Bereziartua durangarrak, mendi ingeniaria eta Basoa Fundazioko zuzendari teknikoak emango du hitzaldia.

Apirilak 10ean Garaiko herrira gerturatzen diren azokazaleek Euskal Herri osoko landareak/loreak, lorezaintzako lanabesak eta baserriko tresnak ikusteko eta erosteko aukera izango dute, mintegi eta lorezaintza enpresen eskutik. Mintegiek eta lorazaintza enpresek euren produktuen ezaugarriak eta horien prestazioen berri emango diete erosleei aurrez aurre.

Garaiko landara eta lorazaintza azokan, besteak beste, ondokoak izango dira ikusgai eta erosgai: landare apaingarriak, zuhaixkak, kaktusak, landare haragijaleak, Euskal Herriko ortuko hazi eta landare ekologikoak, landare txikiak, lorazaintzako lanabesak, egurra eta loreak uztartzen dituzten artisau-gaiak eta baserriko tresnak.

Durangaldeko hiru baserritarrek produktuak eskainiko dituzte

Bestalde, eskualdeko 3 baserritarrek Durangaldeko baserriko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera eskainiko dute.  Azokan, Idiazabal gazta, baserriko ogia, euskal pastela, edariak eta kontserbak dastatu eta erosi ahalko dira.

Aurten ere erosketak gordetzeko zaindegi-zerbitzua eskainiko da. Azokazaleek zaindegi batean gorde ahalko dituzte erosketak azoka giroaz gozatzeko, eta azokatik alde egiteko momentuan, hasieran hartutako tiketa erabiliz erosketa bueltatuko diete. Azokaren eremu osoan, erosketak zaindegira eramateko laguntzaileak egongo dira.

Apirilaren 10ean egingo den VIII. Garaiko Landara eta Lorazaintza azokaren ordutegia hauxe izango da: goizeko 10:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu