Durangoko bonbardaketan eraildakoentzako omenaldi-bide ezberdinak landuko dituzte
Azken hilabeteetan irekitako norabide berriari jarraituz, Gerediaga Elkarteak, ‘Durango 1936’k eta Durangoko Udalak 1937ko martxoaren 31n eraildakoak omentzeko egitasmo berriak landuko dituzte. Izan ere, azken asteetan herriko hilerrian egindako lur prospekzioetan aztarnarik aurkitu ez bada ere, hiru eragileek elkarlanean jarraituko dute bonbardaketako biktimak omendu eta euren memoria galdu ez dadin. Zentzu horretan, hiru eragileek bilera bat ospatu dute asteon 1.937ko bonbardaketan eraildakoen senitartekoekin, lur prospekzioen txosten teknikoa azaldu eta aurrera begirakoez hitz egiteko.

Argazkia · Durangoko Udala
Beste aldetik, Martxoaren 31n egiten den oroimen ekitaldi herritarra berezia izango da aurten. Gerediaga eta ‘Durango 1.936’ elkarteek egindako ikerketarekin lotuta, hobi komunetan ehortzita izan diren eta aurkitu diren euren familiei aitortza eginez, biktimak gogoratzeko ekitaldia egingo da. Horregaitik, familiek ekitaldian parte hartzeko gonbitea jasoko dute. Gerediaga Elkarteak diseinatutako ekitaldian, Kriskitin dantza taldeak eta Durango 1936 Kultura Elkarteak parte hartuko dute. Carolina Suarez kazetari durangarrak aurkeztuk du ekitaldia. Horrekin batera, “Agurrik gabeak”, “Pertsona duinen errekuentua” eta “Durangoko bonbaketa” kantuak abesteko Ander Ertzilla, Erika Lagoma, Onintza Azkarate eta Insomnia taldeko musikariak igoko dira oholtza gainera. Oroimen ekitaldirako hitzordua, arratsaldeko 19:30ea izango da, Andra Mariko elizpean.
Bestalde, Udalak ere lan ildo berria ireki nahi du hilerrian oroimen gune bat atontzeko, behinola hilerrian egon izan ziren eraildakoak omendu ahal izateko helburuarekin. “Gune honen bitartez, oraindik ere gure hilerrian espaziorik ez duten dozenaka biktima horiei dagokien espazio duin sortu nahi dugu, 85 urteren buruan familia askok ez dutelako beren senideak omentzeko espazio propiorik”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Ríos alkateordeak.
Astearte honetan izandako bileran eman diete asmo honen berri senideei. Bertan, gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteak otsailean hilerrian egindako lur prospekzioen gainean landutako txostena aurkeztu diete.
Ikerketaren emaitzak
Hilerrian egindako prospekzio horrek aspaldiko eskaera bati erantzun dio, eta Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak, Durangoko Udalarekin batera, azken hilabeteetan egindako azterketa batez hornitu da. Izan ere, hilerriaren barruan egindako 84 hobiratze komunei buruzko ikerketaren lehen fasea 2021eko urria-abendua bitartean egin da. Helburu bikoitzarekin egin da berau: lehenik lurperatu zituzten pertsonak identifikatzea, eta, ostean, euren familiak aurkitzea.
“Familia horietako batzuek ez zuten Durangoko hilerriko datua ezagutzen, beti pentsatu izan dutelako gorpuzkiak Aramaion edo Otxandion geratu zirela. Kasurik onenean, hilerriko azken helmuga ezagutu arren, familia askok ez zuten inoiz ehorzketa leku zehatzik jakin. Ikerketa honek bonbardaketaren arrazoi zuzenengatik hil ziren eta hainbat arrazoirengatik hobi komunetan hilobia jaso behar izan zuten biktimak hartu ditu ardatz. Durangoko hilerriko ehorzketen erregistro-liburuan erauzitako orriak non dauden ez dakigunez, Jon Irazabalek argitaratutako zerrenda batean oinarritu da azterlana, hobi komunetako 84 hilobiratzeri buruzkoa”, adierazi dute Beñat Gaztelumendi Gerediaga Elkarteko ordezkariak eta Jimi Jimenez ikerlariak.
Ehorzketa hauek guztiak ehorzketa zenbakiarekin hasten ziren. Zenbaketa hori korrelatiboa da: Lehen hobi komunak, 1etik 42ra bitarteko zenbakiak hartzen zituen, eta bigarren hobi komunak, 43tik 84ra bitartekoa.
Orain arte, 52 pertsona identifikatu dira, eta ezinezkoa izan da nortasun horiek aurkitzea zerrenda horretara bakarrik jota. Izan ere, kasu askotan, oso erreferentzia soilak izan dira abiapuntu: «Identifikatu ezin da», «Otxandianoko miliziano bat» edo «XX zk.ko identifikazio-plaka»; beste kasu batzuetan, berriz, biktimaren sexua edo gutxi gorabeherako adina aipatzen da.
Elkarlanerako berrespena
Identifikatutako pertsonen izenetatik eta bestelako informazioetatik, hurrengo pausua euren ondorengoak bilatzen hastea izan da. Lan hori ez da erraza izan, kontuan hartuta identifikatutako 52 pertsonetatik 26 ez zirela Durangaldekoak.
Pertsona horiei guztiei buruzko datuak aurkitzeko, familiek emandako informazio batzuez gain, ahalik eta familia gehienengana iristeko beharrezko dokumentuak bilatzeari ekin zitzaion. Informazio hori biltzeko, hainbat artxibo eta erregistro kontsultatu ziren. Azkenean, 31 ehortzitakoren familiekin bat egitea lortu da.
“Egindako ikerketa izan liteke biktima guztietan eta gertatutakoetan gehiago sakonduko luketen ondorengo ikerketen abiapuntua. Horrelako kasu batek azterketa sakon eta ahalik eta osoena behar duelako. Gainera, landa-ikerketa amaitutzat jo bada ere, hasitako ikerketa lerroak zabalik jarraitzen du. HIru hilabeteko ikerketak oso emaitza onak eman baditu ere, badakigu, epe laburrean eragindakoak epe luzean ekartzen dituela emaitzak”, adierazi dute hiru aldeek.
Horregatik, Durangoko Udalak zein Gerediaga eta Durango 1.936 elkarteetako kideek hasitako bide horretan sakontzeko eta Egia, Justizia eta Erreparazioan oinarritutako lanketa honetan jarraitzeko asmoa berretsi dute.