Iturrik Larraitz Loizate elorriarraren ‘Lanigredo’ argazki erakusketa hartzen du
Gaur, martxoak 4, ostirala, 18:30ean, Iturri Kultur Etxean egin den inaugurazio-ekitaldian, Larraitz Loizate Etxearte argazkilariak, Noctis Photobooks-ekin lankidetzan, Lanigredo lana aurkeztu du. Martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai, 9:30etik 20:00etara, erakusketa-aretoan bertan.

Argazkia: Elorrioko Udala
Zuri-beltzeko argazki-erakusketa da, eta bertan asmatutako hiri batean oinarritutako liburuaren irudiak erakutsiko dira: Lanigredo. Ikusleak izango dira lan horren protagonistak, argazkiek istorio arrunta islatzen dutelako eta gertatzen dena ikusleen irudimenean geratuko delako. Izan ere, ikusleak berak ondorioztatu beharko du zer gertatu den eta atera beharko ditu bere ondorioak, istorioa berea eginez. “Modu pertsonalean sortutako irudiak dira, amesgaizto baten erritmoa markatzen dituzten ziztadak”, kontatu du Larraitz Loizatek.
Udalak artearen aldeko apustuarekin jarraitzen du eta Iturri Kultur Etxean erakusketa berri eta original hau jasoko du. Erakusketa doan eta aldez aurretik izena eman barik ikusi ahal izango da, gaur hasi eta martxoaren 31ra arte, 9:30etik 20:00etara.