Asteazkena,
2024ko Maiatzak15

MugaKultura

loader-image
Durango
7:47 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

Durangoko Udalak Turismo Plan jasangarria aurkeztu du Durango helmuga turistiko gisa sustatzeko

Durangoko Udalak udalerriko Turismo Plan berria aurkeztu du Kurutzesantu Turismo Bulegoan egindako ekitaldi batean, plana egiten lagundu duten eragile ezberdinen aurrean. Turismo jasangarriaren plan berri honek 2022-2026 aldian turismoa sustatzeko ekintzak gidatu nahi ditu.

Argazkia: Iban Gorriti

 

Plan berri honen helburu nagusia Durangoren turismo eskaintza dinamizatzea izango da, herriaren nortasunetik, inklusibotasunetik eta aniztasunetik bizipenak bultzatuko dituen helmuga kultural eta natural gisa eta turismo jasangarria sustatuz. Plan Estrategiko berri honek Durango turismo helmuga jasangarriago, arduratsuago, orekatuago eta lehiakorrago gisa proiektatzen lagunduko du.

Aurkezpen ekitaldian Ima Garrastatxu alkateak eta Neskutz Rodríguez Turismo arloko zinegotzi arduradunak parte hartu dute. Bertan, udal arduradunek Durango turismo helmuga erakargarri gisa sendotzeko oinarri sendoak izatearen garrantzia nabarmendu dute, partaidetzaren, berezitasunaren eta nortasunaren printzipioetan oinarrituta, eragile ekonomikoei aberastasun sozial eta ekonomiko jasangarria eta udalerrian bizi direnei gizarte-ongizatea eskaintzeko.

Turismo jasangarriaren plan berri honen helburu nagusiak honako hauek dira:

– Turismo helmuga hobetzea, bertako kultura eta natura baliabideei balioa emanez.

– Udalerriaren potentzialarekin bat datorren turismo eskaintza iraunkorra sustatzea.

– Maila instituzionalean turismo arloan protagonismo handiagoa lortzea.

– Enpresa ehunarekin lankidetzan aritzea, lehiakorragoa eta profesionalagoa izan dadin.

– Herritarrak eta elkarteak turismo garapenean inplikatzea.

Plan estrategiko hau herriko ekosistema turistikoa osatzen duten eragileekin batera landu da. Prozesu parte hartzailea hiru fasetako lan metodologian oinarritu da: ikerketa eta analisia, estrategiaren diseinua eta Ekintza Planaren sorrera. Horretarako, hiru tresna nagusi erabili dira: online inkestak, telefono bidezko elkarrizketak eta Focus Group-ak.

“Durangok epe labur, ertain eta luzerako helburuak zehaztuko dituen ibilbide orri bat behar du turistak gure herrira erakartzeko, gure idiosinkrasia mantenduz. Horregatik, Turismo Plan jasangarri honek berebiziko garrantzia dauka guretzako, Durango erreferente bat bihurtzeko asmoz”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Neskutz Rodríguez zinegotziak.

“Turismoa dagoen lekuetan enplegua dago, eta horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua turismoaren sustapena lantzea, horrek, aldi berean, Durangoko turismo sektorean ez ezik, herriko sektore guztietan ere eragiten duelako. Azken urteotan ikusten ari gara joera batzuk sendotzen ari direla, hala nola turismo kulturala, eta, beraz, eskaintza anitza izatearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu”, gaineratu dute.

Plan estrategiko honek datozen lau urteetan garatuko den Turismo Plan jasangarri bat lortu nahi du, baliabide naturalei arreta eta zaintza eskainiko diena eta partehartzailea izango dena, sektore turistikoa, bizilagunak eta bisitariak tartean sartuz.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu