Larunbata,
2024ko Maiatzak18

MugaKultura

loader-image
Durango
7:25 pm,
temperature icon 15°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 12 Km/h

Zabaltzear da Amorebietako Zelaieta Zentroko ikastaroetan izena emateko epea

Amorebieta-Etxanoko Udalak Zelaieta Zentroko ikastaroetan izena emateko epea zabalduko du berriro. 17 ikastaroko eskaintza honen helburua da zornotzarrei ikastaro sorta zabala eskaintzea, hainbat diziplina eta hobby ikasi eta garatu ahal izateko, eta gustu eta afizio bera duten pertsonak ezagutu ahal izateko. Hamazazpi ikastaro hauetatik, zortzi urtekoak dira eta bederatzi puntualak.

Rosalinda Incardonak marrazki-tailerrak emango ditu.

Urte osoko zortzi ikastaro

Urteko ikastaroak joan den urrian hasi eta ekainera arte luzatuko dira: saloi dantzak, bitxigintza, yoga, zur langintza, mindfulness, joskintza, puntoa & crochet eta zeramika. Ikastaro horiek urrian hasi baziren ere, dituzten ezaugarriak direla eta, urteko edozein unetan onar ditzakete ikasleak. Beraz, zornotzarrek izena eman ahal izango dute plaza hutsak dituzten ikastaro hauetan.

Izena emateko epea otsailaren 2an zabalduko da, eta plazen esleipena iritsitako ordenaren arabera egingo da.

Bederatzi ikastaro puntual, otsailetik ekainera

Ikastaro puntualei dagokienez, hauxe da otsailetik ekainera bitartean aurkeztutako eskaintza: bi sukaldaritza-ikastaro izango dira, horietako bat fast food osasungarriaren inguruan, eta bestea bost kontinenteetako sukaldaritzari eskainia; bi marrazki-tailer, bata helduentzat eta bestea umeentzat –Rosalina Incardonarekin-; dekorazio-tailer bat, espazioak antolatzen eta sortzen ikasteko; ikastaro bat, jaioberrientzako feltrozko eskulanak egiten ikasteko; akroyoga ikastaroa, izenak berak dioen bezala, yoga, akrobaziak eta masaia tailandiarrak uztartzen dituena; beste bat sare sozialetarako eduki interesgarria sortzen ikasteko; eta azkena, autodefentsa feministari buruzkoa, 12 eta 16 urte bitarteko neskei zuzendua.

Ikastaro puntualetan izena emateko epea otsailaren 2tik 22ra izango da. Plazak baino pertsona gehiagok izena emango balute, zozketa egingo litzateke otsailaren 24an, eguerdiko 12: 00etan. Ikastaro puntualak otsailaren 28an hasiko dira.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu