Asteazkena,
2024ko Abenduak04

MugaKultura

loader-image
Durango
8:25 pm,
temperature icon 9°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 1 Km/h

‘Nazkatasunaz’, Peru Magdalena

Peru Magdalena

Gogoan dut behin idazle bati galdetu ziotela ea zenbat denbora behar izan zuen bere azken liburua idazteko. Pentsakor geratu zen, hausnarrean. Begiak zorrotz eta muturra luze zebilen erantzunaren bila. Azkenean, zera esan zuen: «dinosauroen garaian-edo hasi zen liburu hau ernaltzen».

Marrazkiak · Mikel Valverde

Asko gustatzen zait erantzun hau gogora ekartzea sormen prozesu ororen sustraiak ulertu nahi ditugunean. Kateatuta datoz ideiak, susmoak, jakinduriak, hitzak. Aspalditik sentituak islatzen ditugu gaurko geure lanetan. Eta ez nintzateke ukatzera helduko geroa ere ez ote zaigun orainean iragazten.

Nazkatasuna deitzen da kaleratu dudan azken liburua. Iban kontrabandistak lau berba eskatu dizkit horren inguruan. Eta goiko bi parrafo horiekin adierazi gura nuen lanbrotsuak direla artelan baten sustraiak, zergatiak, iturriak. Azken liburu hau eskari bat izan zen, ume txikienekin nazkaren gaiaz aritzeko bide bat. Eta emaitzarekin geratu zaidan gogo asebeteak berriz pentsarazi dit zein fama txarra duten enkarguek artista batzuen artean, baina eta zer beharrezkoak diren noizbehinka barruan kateatuta genituen susmo eta istorioak askatzeko. Norbere ekimenez sortuak ez du zertan askeagoa izan, norbereagoa. Eskaria ere bada, nolabait, munduak sortzailea xaxatzeko duen modu bat. Igel baten kantuari beste batek erantzuten dio han, nonbait.

Ataskatuta egon nintzen hasieran. Nazkaren inguruko ipuin bat, zein kontu iluna, zer da nazka eta nola eragiten digu, zeren menpe sortzen da, zer esan eta zer ez kontu hontaz. Azkenean, sarritan moduan, kliskagailu batek pitzatu zuen horma zurruna. Presako arrakalari hazka egin eta literaturaren ura atera zen saldoka. Neure buruari esan nion: «har ezak nazka askatasunez, motel!». Hortik sortu zen Nazkatasuna kontzeptua. Eta ipuina. Dena txanpain botilako kortxoa lez atera zen, hegazkin batean ozeanoa gurutzatu bitartean, aireko Atlantis batean bezala.

Gero Mikel Valverde agertu zen. Bere marrazki ezin edarragoak. Behia eta ardia. Tximeletak. Larre askeak. Eta liburuan ageri diren bestelakoak. Baina horietaz ez gara hemen arituko. Horretarako zabaldu liburuaren leihoak, lagun.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu