Larunbata,
2024ko Maiatzak11

MugaKultura

loader-image
Durango
3:44 pm,
temperature icon 24°C
Humidity 39 %
Ráfagas de viento: 9 Km/h

Krimenaren Historia Zentroak Gorrotoaren gaia jorratuko du ostegun eta ostiral honetan Durangon

Durangoko Arte eta Historia Museoak ostegun eta ostiral honetarako antolatu du Durangoko Krimenaren Historia Zentroaren Nazioarteko XI. solasaldia, eta edizio honetan Gorrotoaren gaia izango du ardatz, emozio kriminal hori historian zehar aztertuz.

Aurkezpena.

Gorrotoa giza emozio bat da, pertsona bati edo pertsona-talde bati min egiteko gogoa sortzen duena, beste emozio primario edo sentimendu batzuetatik abiatuta: ira da sentimendu horietako bat, irain bat jasan ondoren mehatxu legez min egitea bilatzen duena; inbidia beste bat, bestearen arrakastaren zioz egonezina sortzen duena; edo, bestalde, erreminaren jarrera erreaktiboa, ahularen, babesgabearen edo desberdinaren aurkako ezinikusia bideratzen duena.

Azken edizioan izandako arrakasta ikusita, solasaldia modu birtualean garatuko da webinar baten bidez. Erakusketen ondoren, solasaldia egingo da parte-hartzaileen artean. Horietan gorrotoa aztertu ahal izango da Antzinarotik Egungo denborara bitarteko kronologian, Historiak, Zuzenbideak, Soziologiak, Antropologiak eta Literaturak eskaintzen duten ikuspegi konparatu eta diziplinartekotik.

Batzorde Zientifikoa Iñaki Bazánek (Euskal Herriko Unibertsitatea), Tomás A. Manteconek (Kantabriako Unibertsitatea), Pedro Oliver Olmok (Gaztela Mantxako Unibertsitatea) eta Janire Castrillok (Euskal Herriko Unibertsitatea) osatzen dute.

Antzinarotik gaur egunera arte

Gaur egun, Europako Batzordearentzat, gorrotoaren diskurtsoa honako hau da: “pertsona baten edo pertsona-talde baten aurkako gorroto, umilazio edo gutxiespenaren sustapena, bultzada edo kitzika (…), bai eta pertsona horren edo pertsona-talde horren aurkako jazarpena, izena belzteko egintza, estereotipo negatiboen hedapena, estigmatizazioa edo mehatxua, eta adierazpen horien justifikazioa, “arraza”, kolorea, jatorria, jatorri nazional edo etnikoa, adina, desgaitasuna, hizkuntza, erlijioa, sinesmenak, sexua, generoa, genero-identitatea, orientazio sexuala edo beste ezaugarri edo baldintza pertsonal batzuk tarteko.” (Europako Batzordearen 15 zenbakiko Gomendioa, Arrazismoaren eta Intolerantziaren aurkakoa, 2015).

Antzinarotik gaur egunera arte asko izan dira gorrotoa aztertzen aritu diren egileak. Esate baterako, klasiko greko-latindarrak: Hesiodo, Aristoteles edo Seneca; Elizako aitak: San Agustin; teologoak: Santo Tomas; humanistak: Luis Vives, filosofoak: Descartes, Hume, Sartre edo Glucksmann; psikoanalistak: Freud edo Lacan; eta abar.

Historian zehar, pertsona edo talde sozial askok jasan izan dute gorrotoaren diskurtsoa edo ekintza. Horren adibide dira antisemitismoa, islamofobia, misoginia, sexismoa, xenofobia, heresia, eta abar. Horrenbestez, gorrotoak genealogia bat dauka, eta, beraz, historikoki aztertu daiteke.

Gorrotoa ikuspuntu historikotik

XX. mendearen amaieran, iraganeko esperientzia afektiboak eta emozioak aztertu nahi zituen korronte historiografiko bat sortu zen, eta, bertan, AEBko biraketa afektiboa eta historia kulturala uztartu ziren. Frantzian, pentsamoldeen historiak emozioak aztertu zituen, Jean Delumeauk beldurraren gainean egindako azterketa zoragarrian ikus daitekeen bezala, baina, hala ere, azterketa horrek ez zuen lortu aplikazio praktikoak planteatzen zituen arazo guztiak konponduko zituen metodologia bat ezartzerik. Emozioen historia arduratu da, hain zuzen ere, horretaz; horren lekuko: Barbara Rossenweinen “erkidego emozionalak”, Willian M. Readdyren “araubide emozionalak”, Stearnstarren “emozionologia”, edo Peter Burkek emozioei eta pasioei buruz egindako hausnarketak.

Durangoko Krimenaren Historia Zentroko Nazioarteko XIX. Mahai-inguruak emozio bat aztertu nahi du, gorrotoa, haren polisemia kontuan hartuta eta ikuspegi historikoari jarraikiz: gorrotoa, teorialari desberdinen arabera, denboran zehar; gorrotoaren eta iraren arteko aldea, lehena pasio gisa ulertuta eta bigarrena egoera emozional iragankor modura; gorroto-diskurtsoaren eraikuntza eta horren praktika bere adierazpen historiko guztietan; kontrol-mekanismoak; gizarte-presioa eta sinesmen faltsuen bidezko manipulazioa; mendekua, indarkeria areagotzen duen gorrotoaren eta gorrotoa areagotzen duen indarkeriaren artean sortzen den zurrunbiloaren ondorioz; krimenak eta genozidioak egitea eragiten duten gorroto-prozesuen ulermena…

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu