Elorrion ozen entzungo da berriro Errebonbilloen alardea igandean
Iazko etenaldiaren ostean, Elorriok Errebonbilloen alardea ospatuko du berriro, Udalak aditzera eman duenez. Lau mende baino gehiago dituen tradizioa urriko lehen igandean ospatzen da, kasu honetan hilaren 3an, igandean.
![](https://mugakultura.eus/wp-content/uploads/2021/09/Errebonbilloak-13-700x450.jpg)
Argazkia · Iban Gorriti
Hala, goizeko 05:00etan, Elorrioko hamabost bat gaztek, Errebonbilloz jantzita, herriko kaleak zeharkatuko dituzte, ohiko txano, frak eta txorrerekin, su artifizialeko artilleriaren hotsa zabalduz. Goizeko ibilbidearen ostean, 11:00etan, nesken gomazko paleta zirkuituko partidaren txanda izango da.
Ondoren, 11:30ean Basilikako Abesbatzaren emanaldia etorriko da. Azkenik, 17:00etan, alardeak eta Euskal dantzak izango dira plazan. Indarrean dauden segurtasun neurriak bete beharko dira uneoro.