Igandea,
2024ko Maiatzak12

MugaKultura

loader-image
Durango
1:46 am,
temperature icon 11°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 4 Km/h

«Durangoko punk eta kaskamotz subkulturako doinuen inguruko kolektibo bat gara»

Kaleko Soinuak Kaleak Astintzen kultura alternatiboa edo azpikultura deitzen dutena sustatzen duen Durangoko talde aktiboa da. Jakin-nahi handiko zortzi pertsona antifaxista dira. Eurekin berba egin dugu.

Kaleko

Zer da Kaleko Soinuak Kaleak Astintzen?

Kaleko Soinuak Kaleak Astitzen punk eta kaskamotz subkulturako doinuen inguruko kolektibo bat da. Ideia nagusia, Sorginola Gaztetxean urtean kontzertu pare bat eta beste gune batzuetan binilo pintxada batzuk antolatzea izan zen, baina beste proiektu ezberdin batzuetan ere sartu gara.

Hasieran denok batzen gaituen punk eta Oi! doinuen inguruan oinarritzea pentsatu genuen, baina bakoitzak bere preferentziak ditugun kolektibo baten ezinezkoa da subkultura hauek osatzen dituzten gainontzeko estiloetan ez murgiltzea. Esaterako, Hardcore eta rock&roll klasiko eta modernoak ez dira falta eta 60. hamarkadako doinu jamaikarrek ere prezentzia handia dute gure proiektuetan.

Zelan sortu zen eta nongoak zarete?

Durangokoak gara. Aurretik ere antzerako proiektu batzutan ibili gara kolektiboko kide batzuk, beste lagun askorekin: 2007-2012 bitartean «Txabol» eta 2013tik 2016ra «Lokal IX», adibidez. Hauekin ere antzera funtzionatzen genuen. Denbora falta edo nekearengaitik azkenean bertan behera geratu ziren.
Ordutik hona, herrian estilo hauetako jaialdien falta nabariagaitik eta ikusita gazteek arlo hauetan ez zutela erreleboa hartuko, lagun batzuk elkartu ta berbetan hasi ginen, indarrak hartu eta 2019ko udaberrian «KSKA» kolektiboaren ibilbideari ekin genion.

Nortzuk osotzen duzue taldea?

«KSKA» 30 eta 40 urte bitarteko zortzi lagunek osatzen dugu, Arrinda, Borja, Dino, Kepita, Kani, Satel, Txepe eta Unzu, baina beti ditugu ondoan beste lagun asko laguntzeko prest daudenak behar dugunean, beraien plastikoak pintxatzera datozenak edo gure jaialdietara etortzera animatzen direnak. Hauek ere kolektiboaren zati handi bat osatzen dutela esan behar dugu, beraien laguntza eta parte hartzerik gabe oso ezberdina izango zelako dena.

Musika taldeetako kideak edo kide-ohiak zarete. Zeintzuk musika taldeetan parte hartu izan duzue?

Danok eduki dugu talderen bat noizbait. Desperdizio, Eskonbro, BEK, Arale, Ganorabakuek, edo Zakarbila, adibidez. Baita momentu honetan martxan dauden Puto Bastardo, Gorrotoa Gorroto eta Eutsi! Azken honetan kolektiboko Satel, Txepe eta Unzu dabiltza.

Zelan ikusten duzue Durangaldeko musika arloa gaur egun?

Momentu honetan esan daiteke ez dagoela ezer, streaming kontzerturen bat, pintxadaren bat noizean behin… segurtasun neurri askorekin egindako gauza gutxi batzuk.
Pandemia aurretik nabaria zen beherakada bat eta kontzertuetan publiko gutxiago ikusten zen. Gaztetxeek ekitaldiak antolatzen jarraitzen zuten, noizean behin, baina beste garai batzuekin konparatuz, flojoago. Gaur egun modak beste batzuk dira…

Taldeen inguruan, bazeuden ibilbide luzeko talde finkatuak eta ibilbideari gogotsu ekindako talde hasiberri batzuk ere. Espero dugu egoera hau gainditzen denean taldeak berriro martxan ikustea.

Aretoen inguruan, gaztetxeak zerbait antolatzen jarraitzen du, baina, Sapuetxeren itxierak eta pandemiaren eraginez Anttonio’s tabernaren itxierak musikaren inguruko bi leku galdu ditugu, eta asko botako ditugu faltan eman diguten guztiagaitik. Antzokiaren egoerak ere ez du lagunduko, Durangon itxiera hauek asko nabarituko dira edozein estiloko musika zuzenean ikusteko.

Zer hutsune atzematen dituzue eskualdean?

Durangaldean betidanik egon da «underground» musikaren inguruan mugimendua. Eskualdeko herri gehienetan dago edo egon da gaztetxe bat. Denetan debaldeko ensaio lokal bat musika ekipoarekin, taberna eta eszenatoki batekin. Horrek asko laguntzen die gazteei lehen pausoak eman ahal izateko orduan, talde bat osatu edo gauzak antolatzeko orduan, aukera ezberdinak emanez. Azken aldian talde eta kontzertu gutxiago ikusten dira gaztetxeetan baina badakigu gazte batzuk badabiltzala horretan.

KSKAren hurrengo proiektuak zeintzuk dira?

Bagabiltza gauza batzuk antolatzen, kontzertu batzuk atzeratu genituen pandemiarengatik baina laster zerbait egin ahal izatea espero dugu. Denbora guzti honetan ezer egin ezinda egon garenez Durangaldeko taldeen bilduma bat egitea pentsatu genuen. Taldeen izenak esaten hasi eta lista amaigabe bat egin genuen. Oraingoz LP bikoitz bat kaleratzea da asmoa. Bertan 1985tik 2000 hasierara egon ziren talde batzuk parte hartuko dute. Lan askoko proiektu bat da eta espero dugu urte amaierarako amaitu ahal izatea. Horrekin bukatzerakoan hurrengo aleari ekingo diogu.

Irailean Sorginolan antolatu genuen pintxadan Pantx zigiluko lagunek beraien proiektu berri baten parte hartzera gonbidatu gintuzten baina ezin dugu ezer gehiago aurreratu. Gu ere irrikitan gaude emaitza ikusteko. Badaude beste gauza batzuk egiteko, baina oraingoz nahikoa esan dugu.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu