Larunbata,
2024ko Maiatzak04

MugaKultura

loader-image
Durango
7:25 am,
temperature icon 16°C
Humidity 66 %
Ráfagas de viento: 51 Km/h

Elorrioko Udalak mozorroen argazki lehiaketan parte hartzera animatu ditu herritarrak

Inauterietako ekitaldi tradizional guztiak, desfilea, txokolatada eta erromeria, besteak beste, bertan behera geratu arren, Elorrioko Udalak mozorroen argazki lehiaketa bat antolatzea erabaki du. “2021eko Mozorroen Argazki Lehiaketa” izenpean, Udalak ekimen honetan parte hartzera animatu gura ditu herritarrak, etxeko egonaldia girotzeko eta inauterien esentzia eta magia ez galtzeko, aisialdirako aukera segurua eskainiz. “Txikiek eta helduek euren mozorroak erakustea eta zelan egin dituzten jakitea gura dugu. Aurten, osasun egoerak geure burua beste modu batera asmatzera behartzen gaitu, baina inauterien ilusioa eta esentzia gorde gura ditugu, originaltasuna, irudimena eta sormena sarituz”, adierazi du Julene Lazkano Jai, Kultura eta Gazteria zinegotziak.

ELO-MOZORRO-ARGAZKI

Elorriar guztiei zuzendutako ekimena lau adin-tartetan banatuta egongo da: 0-6 urte bitartekoak, 7-12 urte bitartekoak, 13-17 urte bitartekoak eta 18 urtetik gorakoak. Parte-hartzaile bakoitzak bere mozorroa egiteko trebetasunak erakutsi beharko ditu. Horretarako, etxean, eskuz, egindako jatorrizko mozorroen, elaborazioari eta sorkuntzari argazkiak atera beharko zaizkie, eta hiru argazki bidali beharko dira otsailaren 3tik 19ra bitartean, biak barne, iturri@elorrio.eus helbide elektronikora.

Adin tarte bakoitzaren irabazlearentzat 60€ko erosketa bono bat banatuko da herriko komertzioetan gastatzeko. Informazio gehiagorako eta lehiaketaren oinarriak ezagutzeko: www.elorrio.eus.

Arriolako programazioa

Ekimen horrekin batera, Arriola Antzokiaren agendaren berri ere eman du Udalak, eta ostiraletik astelehenera zine eta antzerkiko ohiko programazioaz gain, musika, zirkoa eta pailazoen inguruko beste hiru ikuskizun izango dira inauterietan. Horrela, ostiraleko antzerki ikuskizunaz eta larunbat, igande eta asteleheneko zinema saioez gain, Arriolaren programazio berezia otsailaren 14an, igandean, estreinatuko da, 16:00etan, umeei zuzendutako La Pequeña Victoria Cen konpainiaren “Gigante” zirko-antzerki ikuskizunarekin. Hilaren 16an, asteartean, Iheskide musika taldearen txanda izango da, 17:45ean eta 19:15ean. Amaitzeko, otsailaren 17an, asteazkenean, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunenak arituko dira “Bart, non ote nintzen ni?” ikuskizunarekin, 17:00etan.

Arriolako hiru emanaldietako edozeinetara joateko, 946 583 192 telefono-zenbakian erreserbatu beharko dira sarrerak. Jarduketa guztiak beharrezkoak diren osasun eta segurtasun neurri guztiekin egingo dira. Ordutegiak aldatu egin daitezke, eta, horrela izanez gero, www.arriolaka.eus webgunean jakinaraziko da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu