Durangoko Udalak antolatutako Gabonetako ekitaldietan 11.600 lagun bildu dira
Durangoko Udalak balorazio positiboa egin du Gabonetarako programazioaren inguruan, eta 11.600 pertsona bildu ditu herriko hainbat tokitan antolatutako 30 ekitaldietan. Udal ordezkariek ikuskizunek durangarren artean izan duten harrera eta portaera ona azpimarratu nahi izan dute: «Badakigu garai zailak direla kulturarentzat eta ikuskizunentzat, baina pandemia hasi zenetik erakutsi dugun bezala, Durangon badakigu gauzak ondo egiten, eta segurtasun neurri guztiak errespetatzen dituen publikoa dugu. Aurrerantzean ere norabide horretan lanean jarraituko dugu», azaldu dute Juan Antonio Bueno eta Mikel Uriguena zinegotziek.
Jarduerarik jendetsuena Artisauen Azoka izan da, 5.500 pertsona bildu baitira abenduaren 18tik 22ra bitartean Landako Gunean. Kultur ikuskizunei dagokienez, Landako Gunean egindako 13 ekitalditan sarrerak edo gonbidapenak agortu dira (bakoitzean 255 lagunentzako aforoa zegoen).
Udaletik jakinarazi nahi izan dutenez, zenbait ikuskizunetan sarrerak lortzeko arazoak sortu dira aforo murrizketagatik, eta erreserba edo salmenta sistema hobetzeko lanean ari dira.