Durangoko Udalak tren geltoki zaharraren inguruko beste 4.000 egutegi banatuko ditu
Gabonetan banatutako 6.000 aleak azkar agortu ostean, Udalak beste 4.000 ale banatzea erabaki du.
Tren geltoki zaharreko irudiak oinarri hartuta, Durangoko Udalak 6.000 egutegi banatu ditu Gabonetan zehar. Aurreikuspen guztiak gainditu ondoren, Udalak beste 4.000 egutegi kaleratzea erabaki du, eta urtarrilaren 7tik aurrera banatuko dira berriz ere, aurreko banaketa puntu berdinetan.
“Jendearen erantzuna bikaina izan da, eta aurreikuspen guztiak gainditu dira. Urte luzeetan durangarren egunerokotasuna baldintzatu duen elementua izan da trenbidea, eta, agian horregatik, herri honen imajinario kolektiboaren parte garrantzitsua da. Horregatik, eta jendea egutegi gabe geratu ez dadin, gehiago inprimatuko ditugu”, adierazi dute udal ordezkariek.
Banaketa herriko puntu ezberdinetan egingo da: Udaleko Harrera Guneetan: HAZ, Turismo Bulegoa, Andragunea, Bizenta Mogel Biblioteka, Arte eta Historia Museoa, Durango Kirolak, Udal Euskaltegia eta Nagusien egoitza.