Abadiñoko udalak jarri ditu martxan umeendako irakurketa klubeko taldeak
Abadiñoko Udalak urriaren 30era arte zabaldu du umeendako irakurketa klubetan izena emateko epea, Argi Abad Kultura zinegotziak gaur esan duenez.
Abadek azaldu duenez, ekimen horren helburua da umeak txikitatik hastea gozatzen ipuinak euskaraz irakurtzen eta entzuten, irakurtzeko ohitura modu naturalean beregandu dezaten.
Bi programa eskainiko dira: «Liburutxokoa», 4-7 urte bitarteko umeentzat, eta «Poltsa ibiltaria», 8-9 urte bitarteko eskolaumeentzat. «Liburutxokoa»n umeak adinka banatuko dira eta, senide batek lagunduta, sormena lantzeko saioetan parte hartuko dute ipuin, poesia, kontakizun eta abestietan oinarritutako jolasen bidez. Ekitaldiak 17:00etatik 17:45etara bitartean egingo dira Txanporta Kultur Etxean, 4 eta 5 urteko umeentzat, eta 18:00etatik 18:45etara bitartean 6 eta 7 urteko umeentzat. Hilean behin egingo dira, azaroaren 10etik aurrera.
Bestalde, «Poltsa Ibiltaria» programak aukera emango die 8 eta 9 urteko neska-mutilei poltsa baten barruan aurkituko dituzten liburuez gozatzeko, eta poltsa hori hilean behin trukatuko dute. Parte hartuko dute, baita ere, sormena lantzeko saioetan.
Izena emateko, inprimaki bat jaitsi behar da Udalaren webgunetik, bete, eta gero edo posta elektronikoz bidali (mediateka@abadiano.eus eta errota@abadiano.eus), edo eskura eman Udal Mediatekan nahiz Errotan.