‘Eskubaratz-Eskuagatx. The final battle’, Mikel Uriguena Ruiz
Mikel Uriguena Ruiz
· Bigarren Hezkuntzako Irakaslea
Mutil-lagunak urte eta erdi darama Durangon bizitzen eta, jadanik, durangartzat du bere burua. Nik, geografo honek, hasieratik esan nion: benetan durangarra izan nahi baduzu inguruko mendien izenak jakin behar dituzu. Bakoitzak bere obsesioak ditu. Duela gutxi, bi izen soilik zekizkiela konturatu nintzen. Oiz eta Mugarra. Hori konpontzeko hozkailuko atean mendiak marraztu nizkion, egunero, apurka-apurka, ikasi zitzan.
Marrazkian, Anboto, Alluitz, Aitxiki, Urkiolamendi, Untzillaitz, Saibigain, Eskubaratz eta Mugarra izenak idatzi nizkion. Gurean beti izen horiek erabili ditugu eta. Zerrenda erdi ikasita zuela, Mugalari.infok sare sozialetara igotako argazki bat erakutsi eta galdetu zidan: Zergatik jartzen du Eskuagatx eta ez Eskubaratz? Azaldu nion, izenek badituztela aldaerak eta, adibidez, Astxiki edo Untzillatx aurkitu ditzakeela. Ez dakit konbentzitu nuen, baina esan zidan nahikoa zuela bertsio bakarra ikasteaz.
Ni neu ere ez nintzen azalpenarekin guztiz lasai geratu. Eskubaratz/Eskuagatx kasuan ez duelako balio, etimologikoki bi izen ezberdin ematen dutelako. Ez naiz toponimian aditua, baina lehen begiradan behintzat, batek baratza aipatzen du eta besteak, aldiz, atxa. Zalantzak argitzeko Euskaltzaindiara idaztea bururatu zitzaidan eta berehala erantzun zidaten. Ahaztu itzazue baratza eta atxa. Hona hemen Onomastika Zerbitzuak emandako erantzuna:
“Aipatutako mendia Escuaga moduan ageri da inguruko herrietako dokumentazioan. Adibidez:
- escuaga, peña – (1787-1805) BFAH.ADM.MEND , reg. 1, 0064
- escuaga, monte – (1807-1808) BFAH.ADM.MEND , reg. 2, leg. 5, 02
- escoaga, peña de – (1858-1859) BFAH.ADM.JURMUG , 11. kutxa, 15. exp., 001
1925ean, lehen Mendi Katalogoa egin zenean, ahozko aldaera zen Eskuaa moldatu zen -r- gehituta: Eskuara. Baina 5 urte beranduago, baten batek zuzendu nahian edo, Eskubaratz aldaera sartu zuen Katalogoan. Horrela erabili izan zen, 1976an Caja de Ahorros Vizcainak egindako Bizkaiko mapan aldaera zuzena, Eskuagatx, ageri zen arte. Handik aurrera idazkera biak erabili ziren, azkenean, zuzena, Eskuagatx, nagusitu zen arte. Argi dago katalogoetan ageri den aldaerak zabalkundea izan zuela eta horregatik da zuontzat ezaguna”.

Eskuagatx.
Laburbilduz
Jatorrizko izena: Eskuaga edo Eskoaga
Ahozko aldaera: Eskuaa
Mendi Katalogoa (1925): Eskuara
Mendi Katalogoa (1930): Eskubaratz
Caja de Ahorros Vizcainaren Bizkaiko mapa (1976): Eskuagatx.
Mutil-lagunak erantzun hori irakurri duenean Bilbora itzultzea erabaki du. Nahikoa duela Pagasarri eta Artxandarekin.
Ez da egia, baina istorioaren amaiera bikaina izango litzateke, ezta?

Untzillatx Eskuagatx eta Mugarra.