Garaiko udalak herriko festak eta gazteentzako udalekuak bertan behera uztea erabaki du
Garaiko udala osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta Herriko Taldeak), 2020ko ekainaren 15ean eginiko Osoko bilkuran, Garaiko Udalak udan antolatu ohi dituen ume eta gazteentzako Udalekuak eta Herriko Festak bertan behera uztea erabaki dute, aho batez. Udalak urtearen bigarren seihilekoan kultur ekitaldi txikiren bat antolatzeko aukera aztertuko du, osasun agintariek ezarritako osasun-neurriak bete daitezkeen neurrian.
Udalbatzak Erramun Osa alkateak (EAJ) prestaturiko txostena aztertu eta onartu zuen. Idatziak, egoeraren azterketa laburra egiten, udarari begira hartu beharreko berehalako neurriei buruzko proposamenak jasotzen, jarduera ekonomikoa berreskuratzeko orientabideak proposatzen eta, diru-bilketaren jaitsieraren ondorioz, Garaiko Udalaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko irizpideak jasotzen ditu.
Garaiko Udalak irizten dio uztailean begiz jotako jarduerak antolatzeari dagokionez, ezarritako osasun-neurriak betetzea, besteak beste, distantzia fisikoa gordetzea, ekitaldietara hurreratzen diren pertsonen kopurua zaintzea eta garbitasuna mantentzea bermatu ezin diren irizpideak direla, are gehiago udalerri txiki eta, bitartekoen aldetik, urri dabilen batentzat. Horrela, pena handiz, urtero, ume eta gazteei zuzendutako udalekuak −ume eta gazteak, euskaraz, elkarrekin harremanak izatea eta elkarrekin jarduerak partekatzea helburutzat dutenak− eta herriko festak (uztailaren 25etik 31ra bitartean ospatu ohi direnak) bertan behera lagatzea erabaki du.
Lehentasunak
Une honetan, Garaiko Udalaren lehentasun eta kezkarik behinena herritarren osasuna zaintzea da, bereziki, arrisku-taldeetako pertsonak, hala nola adindunak, gaixotasun kronikoak dituztenak, umeak eta abar babestea, izurriteak garaitarrak larriki kolpa ez ditzan zuhurtziaz jokatuz, garbitasun neurriak eta irizpideak zorrotz betez eta egoeraren jarraipena aldiro eginez.
Azkenik, Garaiko Udalak gogorarazi gura du egoerak, oraindik ere, oso behin-behinekoa izaten jarraitzen duela, birusak gure artean jarraitzen baitu, eta, beraz, herritarrei eta bisitan datozenei gogorarazten die osasun-agintarien gomendioak bete behar dituztela, besteak beste, pertsonen arteko tartea zaindu eta norberaren higieneari buruzkoak bete (eskuak garbitzea eta maskarak janztea). Era berean, herritarrei eskatzen die zigarrokinak, latak, eskularruak, maskarak, plastikoak eta paperezko zapiak kalean eta gune publikoetan bota ez ditzaten, halako guztiek osasun-arriskua dakartelako, bai eta ondorio kaltegarriak ere ingurumenean