Ostirala,
2024ko Maiatzak17

MugaKultura

loader-image
Durango
12:16 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 80 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

Momoitioko San Juan baselizaren ingurua jagoteko lehenengo bi faseak burutu ditu Garaiko udalak

Testua · Garaiko Udala

Lekuaren deskribapen laburra: Garain, jatorrizko bi gune edo kofradia daude, San Juan Momoitiokoaren ingurua eta Garaikoa bera; azkenaren hasierako gunea gaur egun San Migel Goiaingeruaren eliza dagoen tokian koka genezake. Hasierako bi gune horiek elkartzean sortu zen Garaiko elizatea. Elizate hitza badator leku bateko bizilagunak elizaren aurrean edo atarian biltzeko zuten antzinako ohituratik. Garairi gagozkiola, garaitarrak San Migel Goiaingeruaren elizaren atarian batzartzen ziren.

Momoitio

Argazki zaharra · I. Gorriti

Kristo ondoko II. mendean, Momoitioko San Juan deituriko inguru horretan, populazioa finkatu zen, beharbada, egungo Garai gainean zegoen Tromoitioko esparru gotortua hutsik geratu ondoren, ordura arteko biztanlegunea hantxe baitzegoen. Lehen aldi horren ostean, IX. mendean, berriro jendeztatu zen Momoitio ingurua. Une hartan, eliza zen herrixkako erlijio- eta gizarte-gune nagusia. Momoitiokoa 15 metro karratuko eraikin angeluzuzena zen, harriz eta egurrezko zutoinez altxatutakoa, eta egurrezko teilatu batez eta landare-materialez estalitakoa. Aldarea ekialdean zegoen. Eginkizun erlijiosoa betetzen zuen lekua izateaz gain, batzarrak egiteko, erabakiak hartzeko eta auzokideen arteko gatazkak konpontzeko tokia zen. Hilerrian, lurrean zulatzen ziren hilobiak. Horietako asko lauza lodiz estaltzen ziren eta, mendebaldean, 7 bat zentimetroko diametroko zuloa zuten. Hilobiak seinaleztatu eta beste ehorzketa batzuk egitean aurrekoak ez hondatzeko, harri zutak ipintzen ziren hilobien buruan, hilarri deiturikoak.

Beraz, Momoitio aurkintza berezi eta paregabea da, eta Garaiko udalerriaren jatorriari eta ondoko  bilakaerari lotuta dago. Sasoia zenean berritu zen baselizaren inguru horretan, hainbat zuhaitz ageri dira: haritzak, arteak, erramuak edo ereinotzak, pago gazteak eta lizarrak.

Burutu diren jarduerak:

1.- Momoitioko San Juan baselizaren inguruan dauden zuhaitzen egoera aztertu da. Azterketa horretan ondorioztatu denez, lurraren trinkotzearen zioz eta/edo aleen adina dela eta, zuhaitz batzuk lehortzen ari dira; beste batzuek onddoak dituzte eta enborra ahuldu zaie; beste batzuek hausteko arriskua dute, haize zakarraren eraginpeko eremua delako

2.- Martxo-ekaina bitartean egin diren jarduerak, nagusiki, hauexek izan dira: alde batetik, Garaiko Udalak lurraren trinkotzea areagotzen duen makineriaren erabilera mugatu, eremua ongarritu eta sasoi bateko berdegunea berreskuratzeari ekin dio. Beste aldetik, premiaz, zuhaitzen inausketa mugatua egin da, ingurune horretako bizilagunentzat eta erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeen adar hilak kentzeko, bai eta eremura argi gehiago sartzeko ere; era berean, ainguraketaren bat instalatu da zuhaitzik ez erortzeko eta albait ondoen babesteko. Eginiko jardueren ondorioz, hiru kamioi bete hondakin atera dira ingurune horretatik.

Lehenengo bi faseak gauzatu ondoren, urte bukaera bitartean, eremua kudeatzeko plana egingo da. Planak ondokoak jasoko ditu: eremuaren aldizkako ebaluazioa hiruzpalau urterik behin; zuhaitz zaharrek eta egur hilak osaturiko nitxo ekologikoari buruzko informazio-kartelak ipintzea, lotutako fauna eta flora azalduta; hautazko inausketak egitea; toki horretako haritz eta arte zaharren ordezkoak izan litezkeen zuhaitzak landatzea.

Azkenik, Garaiko Udalak elizateko bizilagunei eta inguru horretako erabiltzaileei dei egiten die leku berezi hori, Garaiko elizatearen sorrerari eta bilakaerari hertsiki loturikoa eta Durangaldeko mendi gehienen begiratoki aparta duena, zaindu eta babes dezaten.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu