Asteazkena,
2024ko Maiatzak08

MugaKultura

loader-image
Durango
10:01 pm,
temperature icon 15°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

DURANGOKO UDALA: «Dena den, gaurkoaz haratago, egunero Euskararen Eguna izateko ahaleginduko gara»

Abenduaren 3a Euskararen Eguna izanik, Udalbatza osatzen duten alderdietako ordezkariak ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleekin bildu dira testu ezberdinen irakurketak egiteko. Ehun pertsonak hartu dute parte. «Dena den, gaurkoaz haratago, egunero Euskararen Eguna izateko ahaleginduko gara», adierazi dute Durangoko Udalatik.

uDALA

Hona hemen, Plateruenan irakurritako testu osoa:

Denbora eta tokia gurutzatzen direnean

Castillo Suárez 

 

Beste toki batean bizi gintezke,

arrotz edo atzerritzar ginatekeen toki batean,

arnasa hartzen ikasi

itsasotik gertu,

basamortutik hurbil,

edo oihan bazterretik.

Baina bizitzak koordenada batzuk eman dizkigu

eta zain lodi batzuen gisan erdibitzen gaituzten

autobia zaratatsu bat

eta erreka isil bat.

Bizi garen ibarrean ikasi nahi dugu,

eta lan egin,

baina batez ere,

gure hurbilekoak maitatu eta zaindu.

Gure ezinak aldamenei esan.

Elkarren premia dugula sentitu herriko lagunak ikusten ditugunean.

Haserretu eta adiskidetu etxekoekin.

Maizegi euria ari du teilatuen artean hemen.

Ibaia bulartu egiten da,

autobia putzuz bete.

Eta etsiak hartzen gaitu

hustu egiten direlako etxeak eta dendak itxi,

erdara entzuten delako euskaraz egiten zen tokietan.

Baina inondik ere errenditzen ez den lur batekoak gara,

euskaraz eta euskaratik eman nahi duena bere berri etxez etxe.

Sentitu nahi dugu hizkuntzak lotzen gaituela lurrera.

Irabaziko duguna gailenduko zaiola galdu dugunari.

Ez dela berdin zer, non eta nola esan.

Urtetan bete ditugu hitzez postontziak, sakelakoak, ordenagailuak eta uhinak.

Euskaraz esan diegu agur maite ditugunei eta ongi etorria egin jaio direnei.

Albiste latzak eman ditugu eta ikuskizun zoragarriak iragarri.

Lekukoak gara denbora eta tokia gurutzatzen diren bakoitzean.

Akordatu gara gertatu direnekin.

Akordatzen gara gertatzen ari direnekin.

Akordatuko gara gertatzeko daudenekin.

Hotz ezea dago kanpoan.

Euria ikusten dugu leihotik.

Baina aterpea ematen digute hitzek.

 

Atzokoa, gaurko eta biharkoa lotzen dituzte,

herri batekoa zein bestekoa.

Hitzak dira maitatzeko gure tresna.

Hitzek egiten gaituzte bertako.

Hitzek egiten gaituzte euskaldun.

Gure jendeak beste indar dute gure hitzek.

Euskarazko hitzez ez balitz, ezinezkoa litzateke gure eskualdea.

Elkarrekin egoteko eremu bat

eta aurrera egiteko kemena.

Nahikoa euriari ekiteko edo atertzeko.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu