54. Durangoko Azokan erakusmahaiak alokatzeko epea, zabalik
Durangoko Azokako 54. edizioan erakusmahaiak alokatzeko epea zabalik dago. Kulturaren plazan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoekoizleek irailaren 30era bitartean dute horretarako epea.
Aukera ezberdinak: erakusmahai handia, txikia edo auto-ekoizleen gunea
Bere produktuak Durangoko Azokan izan nahi dituenak hainbat aukera ditu horretarako. Araudian jasotako irizpideen arabera, interesatuak erakusmahai handia, txikia edota hainbat partaiderekin batera partekatutako auto-ekoizpenen gunea kontratatu ahal izango ditu. Eskaera online egin beharko da Durangoko Azokaren webgunean “Nire Azoka” atalean erregistratuta.
Durangaldeko argitalpenak
Gerediaga Elkarteak eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolako kosturik gabe Durangoko Azokan beren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko aukera ematen die. Azokaren araudi nagusia betetzeaz gain, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean izan behar du eskatzaileak eta produktu guztiak «Durangaldeko argitalpenak» bezala erakutsiko dira. Izena emateko Gerediaga Elkartera jo behar da.
Aurtengo Azokari begira kontuan hartu beharreko beste hainbat data
– Sortzaileek irailaren 16tik urriaren 14ra eman ahal izango dute izena Azokako gune ezberdinetan, beren lanak Azokan zuzenean aurkezteko.
– Ikasle Goiza abenduaren 5ean izango da, Azokaren irekiera egunean eta goizean zehar, tailer eta ekintza bereziak antolatuko dira. Irailaren 16tik urriaren 14era egongo da zabalik izena emateko epea ikastetxeentzat eta hezkuntza zentroentzat.
– Aurten, bigarrengoz, Sormen Beka eskainiko dute Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak, euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berrien lanak ezagutzera emateko asmoz. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 21ean itxiko da. Aurtengo deialdian musika izango da oinarri eta 15.000 euroko laguntza jasoko du proiektuak. Oinarriak eta eskaera-orria azokako webgunean kontsulta daitezke.
https://mugakultura.eus/2019/09/06/la-diputacion-bizkaia-destina-10-000-euros-mas-2018-gerediaga-la-proxima-durangoko-azoka/