Asteazkena,
2024ko Maiatzak15

MugaKultura

loader-image
Durango
6:50 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

Amankomunazgoak 2019-2020. ikasturtean ere #KLAK! proiektua garatuko du gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko

Durangaldeko gazte ikasleen artean euskararen erabilera areagotzeko asmoz, joan den ikasturtean jarri zuen martxan #Klak! proiektua Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak. 

IMG_0136 (2)

#Klak! 1. eta 2. batxilergoko gazte ikasleen artean euskararen erabilera soziala bultzatzeko erronka bidezko proiektua da, motibaziotik ekintzetarako jauzia oinarri duena. Berbaro Elkarteak bideratu du eta Durangaldean batxilergoa eskaintzen duten bost ikastetxetan garatu da: San Jose Jesuitak, Juan Orobiogoitia, Fray Juan de Zumarraga, Maristak eta Ibaizabalen.

Ikastetxeetako euskara taldeak izan dira proiektuaren oinarrizko lan unitateak; hori horrela, talderik eratuta egon ez den kasuetan, berau osatzea izan da ikastetxeei parte hartu ahal izateko eskatu zaien konpromisoetako bat. Guztira, ikasturte osoko parte-hartzea kontutan hartuz gero, 200 bat izan dira egitasmoarekin harreman zuzena izan duten gazteak.

Hizkuntza ohituretan eragin eta euskara erabiltzeko urratsa eman dezaten, aisialdiarekin eta gozamenarekin lotutako erronka eta ekintza desberdinak proposatu zaizkie bost ikastetxeetako gazteei. Gainera, #Klak! proiektua parte hartzailea eta dinamikoa izanik, ikasleen hausnarketa eta esperientziak ere kontutan hartu eta momentuko beharrizanetara egokitu da; beti ere, ezarritako helburua ipar hartuta.

Hori horrela, hainbat izan dira ikasturtean zehar aurrera eramandako erronka eta ekintzak. Azaroan, esaterako, 500 argazki baietz! ekimena burutu zen Euskaraldiaren baitan. Erronkak gazteek sarean euskara erabiltzea zuen helburu, eta horretarako, astebetez instagramera euskarazko esaldiez lagundutako argazkiak igo behar izan zituzten. Apirilean, berriz, #Klak! proiektuko kideak asteburu pasa joan ziren Zarautzera eta egun horiek elkar ezagutzeko, motibatzeko, talde izaera indartzeko eta bakoitzaren euskararekiko harremanaz hausnartzeko baliatu zituzten. Aipatutako bi adibideez gain, erronka ezberdinak eta #Klak! ezagutzera emateko ekintzak ere egin dituzte, besteak beste.

Mancomunidad

Joan den ikasturteko esperientziatik ikasiz aurrera jarraitzeko

Proiektuak epe luzera begirako helburuak dituela kontutan hartuz, eta orain arteko erantzuna ona izan dela ikusita, 2019-2020. ikasturtean ere landuko dute #Klak! egitasmoa Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak eta Berbaro Elkarteak. Dena dela, aurreko urteko esperientziak zer hobetu badagoela ere erakutsi du; hala nola, planteamendua ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokitzea edota euskara taldeen autonomian sakontzea. Hori horrela, orain arte ikusitako eta ikasitakoak hartuko dira abiapuntu ikasleek euskararen inguruko gogoeta egin eta lanean jarrai dezaten.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu