Astelehena,
2024ko Azaroak25

MugaKultura

loader-image
Durango
9:21 am,
temperature icon 15°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 21 Km/h

OIZ MENDIA · Hemen dago Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailaren II. edizioa

 

Bi hilabete inguru geratzen dira eta deiadarrak jadanik entzuten dira urrunetik. Datorren iraileko 13an, 14an eta 15ean, Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailaren II edizioa izango da, 200 kilometroko luzera eta 22.000 metroko desnibel metatua duen “non stop” formatoko ultra trail mendi lasterketa da. Bizkaiko 5 deiadar mendiak (Sollube, Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia eta Oiz) eta 3 Batzar Nagusiak (Abellanedako batzar-etxea, gaur egungo Enkarterrietako Museoa; Gerediagako foru zelaia eta Gernikako batzar-etxea) zeharkatuko ditu.

Subiendo calzada Lumo 200k

Lasterketa gaur aurkeztu da prentsa aurrekoan Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan. Bertan, Ana Otadui Lehendakariak, Emilio Lobato Mahaiko bigarren idazkariak eta Fernando Pérezek Bocineros-Deiadar lasterketaren zuzendari teknikoak hartu dute parte. Bertan egon dira, baita ere, Agurtzane Argiarro eta Juan Romano, 2018ko ultra trail lasterketaren lehen edizioko irabazleak.

Otaduik gogorarazi duenez, orain 15 egun “berriro Lehendakari izendatua izatearen ohore eta erantzukizun handia izan nuen”. “Gaur aurkezten dugunaren moduko ekimenak bat datoz Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutarazten jarraitzeko dudan helburuarekin”, azpimarratu du Lehendakariak, eta emakumeak lasterketetan parte hartzera gonbidatu ditu.

Fernando Pérezek lasterketa bakoitzaren xehetasunak azaldu ditu, eta 200 kilometroko ultra traila “Bizkaiari ematen zaion itzulia” dela esan du. Lasterketak hartzen dituen udalerrietan dauden eta 500 boluntariorekin lasterketan laguntzen duten 20 mendi talde baino gehiagoren lana azpimarratu dau.

2018 Homenaje a los podios bajo el Arbol de Gernika

Deiadar Ultran (100k) parte hartuko duen Agurtzane Argiarrok adierazi duenez, indar psikikoak eman zion 2018ko ultra trail Xtreme lasterketa irabazteko aukera. “Lasterketa horretan 20 bider hiltzen zara, baina beste horrenbestetan berpiztu”. Juan Romano bat etorri da ideia horrekin, eta gogorarazi duenez, gehien sufritu zuen unea Oiztik jaistean izan zen, “oso luze egin zitzaidan, benetako tortura”, esan du. Aurten berriro hartuko du parte Deiadar Xtreme lasterketan.

Trail 52 Sport Mendi Kluba mendi elkarteak antolatuta, irteera eta helmuga Gernikako Arbolan bertan izango duen proba berritzaile hau (200 kilometroko bakarra Penintsulan banaka eta ‘non-stop’ formatuan) Bizkaiko Historian errotuta dago. Erdi Aroan, Bizkaiko Batzar Nagusiak soinudun deien (adarrak) eta dei bisualen (suak) bitartez deitzeko ohitura zegoen, horretarako Lurralde Historikotik estrategikoki sakabanatutako bost Deiadar Mendien gailurrak erabiltzen zirelarik.

Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailak Bizkaia ikuspegi berri batetik ezagutzeko aukera ematen du, gau eta egunez oinez zein korrika eginez 200 kilometroko ibilbidean, 32 udalerri (Bizkaiko 112etatik ia herena), 20 bat erdigune (baserri ingurukoak zein urbanoak), 15 mendilerro, 25 gailur eta 2 parke natural zeharkatuko dituena (Bizkaian dauden hiruretatik).

Oihan Arzuak, lasterketako zuzendariak, probaren berezitasuna azpimaratu du: “bakarra, bai gogorarazten duen tradizoa bai bere distantziagatik, 200 kilometroko Penintsulako lehenengo ultra traila baita eta Europako hirugarrena”. Oihan Arzuak eskerrak eman zizkien “instituzioei, babesleei, bolondresei eta korrikalariei abentura honi aurre egiteagatik” eta dei berezia egin zien “mendizaleei eta adarra duen edonorri, Deiadar Mendieetara igotzeko partaideei babesa eta berotasuna adierazteko”.

Hiribildu Forala irteera eta helmuga izanik, lasterketak 18 anoa-gune izango ditu, non antolakuntzak partaideei janari zein edaria eskeiniko dien. Bizi-Oinarrietan gainera  jantziz aldatzeko, atseden hartzeko edota masaje bat hartzeko aukera izango dute: Balmaseda (88.km.) eta Urkiola (164. km.).

Bi anoa-gune Batzar Nagusietako bi egoitzetan egongo dira: Abellaneda (70.km.) eta Gerediaga (175.km.), Fika, Zamudio, Bilbao edo Sodupe bezalako herrietaz gain.

Izen-emate epea abuztuko erdirarte egongo da zabalik bere web gunearen bitartez www.bocinerosxtreme.com. Bertan probako datu guztiak aurki daitezke.

Txikon

Messner eta Txikon.

 

Alex Txikoni omenaldia

Aurten, berrikuntza bezala, mendia eta mendizaletasunaren munduan modalitate ezberdinetan murgildutako bizkaitar pertsonai ezagun batek bat egingo du gure probarekin. Omenaldi honen lehenengo protagonista Alex Txikon alpinista izango da, Nanga Parbat mendia neguan eskalatu duen lehenengo pertsona eta hamar zortzimilakorekin bere palmaresean.

Omenaldia jasoz gain, Alex Txikonek Deiadar Ultra (100K) lasterketan parte hartuko du. Lemoako alpinistarentzako ez da esperientzia berria izango, izan ere, Txikonek 2016ko Zegama-Aizkorri lasterketan eta 2013ko Iruñea-Bilbo ultratrailan parte hartu du.

Ingurumenarekiko errespetua

Gure historia ezagutarazteaz gain, ultra trailak mendizaletasunaren berezko balioak –errespetua, elkartasuna eta jarduera fisikoaren bidez natura ezagutzea– sustatzeko eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren geografiak paisaia aldetik duen aberastasuna zabaltzeko asmo eta borondatearekin sortu da. Ildo honetatik, lasterketak, alde batetik,  GRak, PRak eta Donejakue Bidea bezalako seinaleztatutako bideak sustatuko ditu (ibilbidearen %75a baino gehiago), eta bestetik, mendiko bide eta bidezidor ezberdinen berreskuratzea eta mantentzea bultzatuko ditu, inplikatutako erakundeekin kolaborazio estuan.

Esan bezala, lasterketaren balore garrantzitsuenetarikoa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren baimen guztiekin, ingurumenarekiko erabateko errespetua da, bere balio natural eta etnografikoak direla eta. Era berean, antolakuntzatik, lasterketak zeharkatzen dituen natura-inguruen erantzukizunezko erabilera jasangarria bultzatuko da.

Konpromiso hau bermatzeko, antolakuntzak arreta berezia jarriko du ingurumenaren kontserbazioarekin lotura duten Araudiko alderdiak betetzeko. Hori dela eta, anoa-guneetan ez da edalontzirik izango, ahal den neurrian, zaborrik ez sortzeko. Partaide bakoitzak ontzi birziklagarri bat eraman beharko du. Partaide bakoitzak irakurtzeko moduan eta errotulagailu ezabaezinarekin markatu beharko du bere dortsal-zenbakia barratxo, gel, janari-poltsa eta abarretan. Horrez gain, antolakuntzak material berrerabilgarria eta birziklagarria erabiltzeko erabakia hartzen du, ibilbidean zehar aztarnik gera ez dadin lasterketa bukatutakoan.

Ibilbidean zehar, partaideek bere erresistentzia eta doai atletiko zein teknikoak frogatu ahal izango dituzte mendi inguru paregabean, 1.500 metrotik gertuko garaieran eta harriak, belardiak eta lurra nahasten duen ibilbide zoragarrian. Mendizaletasunaren balioetan murgiltzeko, korrikalari bakoitzaren muga fisiko zein psikikoak eta beste partaideekin zein bere buruarekin lehia garbian jarduteko marko paregabea, dudarik gabe.

Lasterketa bat, hiru distantzia: 200K, 100K, 42K

Bocineros-Deiadar Xtreme bezalako ultra trail baten gogortasunak, 200 kilometrokoa eta 22.000 metro desnibel metatuarekin, izugarrizko erresistentzia fisiko zein psikikoa duten korrikalari eta mendizaleentzako soilik mugatua dago. Lehenengoek ia 30 ordu beharko dituzte helmugara iristeko, azkenengoek aldiz, 56 orduko denbora muga izango dute ibilbidea osatzeko. Bere segurtasuna bermatzeko, gehienezko dortsal kopurua 200ekoa izango da.

Exigentzia maila hau dela eta, antolakuntzak distantzia laburragoko bi lasterketa eskeintzen ditu partaide mota eta kopurua zabaldu nahiean:

Deiadar Ultra: 100 kilometroko luzera eta 10.600 metroko desnibel metatua duen mendi lasterketa da. 6 mendilerroko hamar bat gailur zapaltzen ditu, haien artean 2 deiadar mendi (Sollube eta Oiz), irteera eta helmuga Gernikako herrian duelarik. Proba Busturialdea, Lea-Artibai eta Durangaldeko eskualdeetako 19 udalerritik igaroko da Urdaibaiko Erreserban barrena eta Bermeo, Busturia, Kortezubi, Ereño edota Aulesti bezalako herrietan izango ditu anoa-guneak.

Deiadar Maratoia: 42 kilometroko luzera eta 4.400 metroko desnibel metatua duen mendi lasterketa da. Busturialdeko eskualdeko 10 udalerri eta Urdaibaiko Erreserba zeharkatzen ditu eta 1 mendilerroko bost gailur zapaltzen ditu, besteak beste Sollube Deiadar Mendia, irteera eta helmuga Gernikako herrian duelarik. Almike (Bermeo), Altamira (Busturia) eta (Urberuaga) Forua bezalako herrietan izango dira anoa-guneak.

Mendi martxak

Bocineros-Deidar Xtreme ultra traila lasterketarekin batera, osagarri bezala, bost Deiadar-mendiak igotzeko lehiakortasunik gabeko mendi-martxak antolatuko dira, zaleek lasterketa jarraitzeko aukera izan dezaten.

Martxa hauen helmugek, deiadar-mendi ezberdinen gailurretara, lehenengo korrikalarien igarotze momentuarekin bat egingo dute, hauek zaleen animoak eta berotasuna senti ditzaten.

Horrek suposatzen du horietako hiru martxa (Kolitza, Ganekogorta eta Gorbeia) gauez izango direla, honek duen  xarma bereziarekin.

Inskripzioak irekitak izango dira probaren webgunean www.bocinerosxtreme.com/martxas/  irailera arte.

 

HIRU LASTERKETETAKO FITXA TEKNIKOA

 

BOCINEROS-DEIADAR XTREME (200K)

 

  • Eguna: 2019ko Irailak 13, 14 eta 15.
  • Irteera eta helmuga: Gernika.
  • Distantzia: 200 km.
  • Desnibel positiboa: 11.000 m.
  • Desnibel negatiboa: 11.000 m.

o    Irteera: Ostirala 10:00etan.

o    Helmuga (gehieneko denbora): Igandea 18:00etan (56 ordu).

  • Gehieneko parte-hartzaile kopurua: 200
  • Mediku-ziurtagiria: Derrigorrezkoa
  • Gehieneko altuera: 1.482 m. (Gorbeia)
  • Gutxieneko altuera: 10 m. (Gernika)
  • 5 Deiadar Mendi.
  • Bizakiako 3 Batzar Nagusiak.
  • 2 Parke Natural. Gorbeia eta Urkiola.
  • 13 mendilerro: Sollube, Berreaga, Ganguren, Sasiburu, Grumeran, Ubieta, Ordunte, Trasmosomos, Ganekogorta, Mendigisa, Gorbeia, Urkiola eta Oiz.
  • 25 gailur: Sollube, Arrolatza, Tellitu, Sasiburu, El Humilladero, Apuko, Eretza, Larrea, Kolitza, Arbalitza, Trasmosomos, Somokurtzio, Rioya, Ilso/Egüen, Carobo, Gallarraga, Ganekogorta, Kamaraka, Untzueta, Arrugaeta, Gorbeia, Saibi eta Oiz.
  • 32 udalerri (Bizkaia osatzen dutenen 112en ia herena):  Gernika, Errigoiti, Busturia, Arrieta, Fruiz, Gamiz/Fika, Zamudio, Bilbao, Barakaldo,  Alonsotegi, Güeñes, Galdames, Zalla, Sopuerta, Artzentales, Balmaseda, Gordexola,  Arrankudiaga, Arakaldo, Zeberio, Orozko,  Artea,  Areatza, Zeanuri, Dima, Abadiño, Mañaria, Berriz, Munitibar, Muxika, Mendata eta Ajangiz
  • 20 bat erdigune (baserri ingurukoak zein urbanoak): Gernika, Lumo, Metxikas (Errigoiti), Agirre eta Goiri (Arrieta), Fruiz, Fika, Zamudio, Bilbao, Urgozo (Barakaldo), Saratxo (Güeñes), Amabizkar (Galdames), Abellaneda (Sopuerta), Bezi (Sopuerta), Estación (Artzentales) Balmaseda, Sodupe, Arakaldo, Abadiño, Matiena (Abadiño) Sarria eta Andikoa (Berriz) eta Berroia (Muxika).
  • 16 anoa-gune: Sollube, Fika, Zamudio, Bilbao, Refugio Eretza, Abellaneda, Kolitza, Alto Rigadas, Sodupe, Coll. Krutziaga, Arakaldo, Bikotzgane, Refugio Arraba, Urkiola, Gerediaga eta Oiz.
  • Bizi-oinarri 2, Balmaseda (88. km.) eta Urkiola (164. km.), non partaideek anoa-gune osoa izango duten, janari beroa (arroza, pasta), jantziz aldatzeko, dutxa hartzeko zein lo egiteko aukera eta fisioterapia zerbitzua barne.

DEIADAR ULTRA (100K)

 

  • Eguna: 2019ko Irailak 14
  • Distantzia: 100 km.
  • Desnibel positiboa: 5.300 m.
  • Desnibel negatiboa: 5.300 m.
  • Irteera eta helmuga: Gernika.

◦     Irteera: 0:00etan

◦     Helmuga (gehieneko denbora): 24:00etan (24 ordu)

  • Gehieneko parte-hartzaile kopurua: 350
  • Mediku-ziurtagiria: Derrigorrezkoa.
  • Gehieneko altuera: 1.026 m. (Oiz).
  • Gutxieneko altuera: 1 m. (Kortezubi).
  • 10 gailur: Sollube, Atxazpe, Katillotxu, Arribieta, Atxarre, Armendua, Ereñozar, Irurkitze, Illuntzar eta Oiz.
  • Biosferako Erreserba 1: Urdaibai.
  • 6 mendilerro: Sollube, Burretxagana, Ereñozar, Leia, Motrollu eta Oiz.
  • 6 anoa-gune: Sollube, Altamira (Busturia), Kortezubi, Akorda (Ibarrangelu), Aulesti eta Oiz.
  • Bizi-oinarri 1: Ereño (61. km.).
  • 20 udalerri: Gernika, Errigoiti, Arrieta, Busturia, Bermeo, Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta, Forua, Kortezubi, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Ereño, Nabarniz, Aulesti, Munitibar, Mendata, Muxika eta Ajangiz.
  • 17 erdigune (baserri ingurukoak zein urbanoak): Gernika, Lumo (Gernika), Metxikas (Errigoiti), Almika (Bermeo), Altamira (Busturia), Urberuaga eta Elexalde (Forua), Kortezubi, Zelaieta etaOzollo (Gautegiz-Arteaga), Gametxo, Akorda eta Tremoia (Ibarrangelu), Ereño, Aulesti, Gerrika (Munitibar) eta Berroia (Muxika).

 

DEIADAR MARATOIA (42K)

 

  • Eguna: 2019ko Irailak 15 (igandea).
  • Distantzia: 42 km.
  • Desnibel positiboa: 2.300 m.
  • Desnibel negatiboa: 2.300 m.
  • Deiadar Mendi bat: Sollube
  • Irteera eta helmuga: Gernika.

◦     Irteera: 9:00etan.

◦     Helmuga (gehieneko denbora): 17:30etan (8:30 ordu)

  • Gehieneko parte-hartzaile kopurua: 500
  • Mediku-ziurtagiria: Derrigorrezkoa.
  • Gehieneko altuera: 684 m. (Sollube).
  • Gutxieneko altuera: 6 m. (Bermeo).
  • 6 gailur: Maiaga, Sollube, Atxazpe, Katillotxu, Arribieta eta Kosnoaga.
  • Mendilerro bat: Sollube.
  • 5 anoa-gune: Metxikas (Errigoiti), Sollube, Almike (Bermeo), Altamira (Busturia) eta Urberuaga (Forua).
  • 10 udalerri: Gernika, Errigoiti, Arrieta, Busturia, Bermeo, Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta eta Forua.
  • 6 erdigune (baserri ingurukoak zein urbanoak): Gernika, Lumo (Gernika), Metxikas (Errigoiti), Almika (Sollube), Altamira (Busturia) eta Urberuaga (Forua).
Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu