Durangaldea taldeak irabazi du Bertsolari Gazteen XXVII. BBK sariketa
Atzo jokatu zen Bertsolari Gazteen XXVII. BBK sariketaren finala Bilboko BBK Salan Hego Uribe eta Durangaldea taldeen artean. Puntu gehien batu zituen taldea, eta beraz, 2019ko edizioko irabazlea Durangaldea taldea izan da.
Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finala iluntzean jokatu zen Bilbon, Hego Uribe eta Durangaldea taldeen artean. 466.50punturekin irabazi du sariketa Durangaldea taldeak. Hego Uribe taldeak 407 puntu batu ditu.
Ondorengo 12 bertsolari gazteak izan ziren protagonistak:
- Durangaldea:
- 18 urtera artekoak: Eider Gallastegi Agirrebeitia, Irune Basagoti Agirre, Ander Sarriugarte Garcia
- 24 urtera artekoak: Iruri Altzerreka Martinez, Gorka Pagonabarraga Agorria eta Bittor Altube Sarrionandia
- Hego Uribetik:
- 18 urtera artekoak: Maider Altuna Urbina, Gerizeti Zubiaurre Bañuelos eta Itxasne Rodriguez Maroto
- 24 urtera artekoak: Maite Sarasola Isazelaia, Ander Anakabe Lekue eta Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia
Iaz egin zen moduan, aurten ere, taldekako agurrekin hasi dute saioa bertsolariek, eta elkarri adarra joaz girotu dute aretoa. Taldeko agurra puntuagarria izan da, eta ariketa bat gehiago moduan puntuatu dute epaileek.
Bestalde, finaleko Bizkaiera onenaren saria Bittor Altubek jaso du.
Ainhoa Urien Telletxeak egin zituen aurkezle beharrak. Epaimahaia Juanjo Respaldiza Ozaetak, Graxi Arregi Leonardok eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu zuten. Idazkari beharretan, ostera, Idoia Anzorandia Kareaga aritu da
Sari banaketa ekitaldian Enrique Dávila BBK-ko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak hartu zuten parte. Protagonistez gain, oholtzara igo dira sariketan parte hartu duten gainontzeko eskualdeetako ordezkariak ere, eta opari bana jaso zuten.
«Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zorionak eman gura dizkie aurtengo BBK Sariketan parte hartu duten guztiei. Bereziki bertsolariei, gai-jartzaile taldeari eta epaile taldeari», adierazi dute.