‘Zenbat buru, hainbat aburu’, Elorrioko EH Bilduko zinegotziak
Xabier Domínguez · Aratxu Uriarte · Dani Palacios · Maitane López · Txus Arrieta · Jon Ander Gracia
· «Elorriok merezi du Idoia»
Elorrioko Udalean lanean ari garen zinegotziok harro gaude azken urteotan egindakoarekin, eta irrikaz ekingo diogu egiteke dagoenari. Euskal Herria Bildu gara. Ez gara agintari bat eta bost panpina. Gure proiektua batasunean oinarritzen da, gure erabakiak elkarrekin adostuta gauzatzen dira. Elorriarron alde lan egingo genuela zin egin genuenok, bakoitzak bere alorrean, Elorrio indartzeko ahalegina egin dugu eta horretan dihardugu.
Talde lanean, ekarpenak egiten, eta elkarrekin ekiten.
Harrotasunez baina harrokeriarik gabe, ozen esan dezakegu asmatu dugula. Idoia Buruaga Barcena izango delako Elorrioko EH Bilduren hautagaia datozen hauteskundeetan. Seirok gatoz bat: Idoia da EH Bilduren proiektuari jarraipena emateko hautagairik onena.
Gertutik ezagutzen dugunok badakigu Idoia langilea dela, umila baina zorrotza eta arduratsua. Idoia da Ahobizi eta Belarriprest; aginduak emateko orduan bizi, eta herritarren kezkei behar duten arreta guztia eskaintzerakoan prest. Askotan arnasestuka, irribarretsu sarri, inoiz sentiberak jota, beti fin, iparra garbi eta tinko. Idoiak maite du bere herria, maite du Elorrio. Eta Elorriok merezi du Idoia.
Ia lau urte igaro dira kargua onartu eta hartu genuenetik. Batzuk hauteskundeetarako zerrendan izango gara berriz ere, beste batzuk ez. Hala ere, Elorrio hobea izan
dadin, denok lanean jarraituko dugu legegintzaldiko azken egunera arte. Gainera, lehen lerroan edo bigarren ilaran, lan talde izaten jarraituko dugu aurrerantzean ere. EH Bilduren fronte zabala martxan jarri dugu. Kudeaketa horizontala aplikatzeko ahalegin zintzoa egin dugu eta beti- beti, arduraz lan egiteko saiakera izan dugu lehentasun. Hala saiatuko gara gaurtik aurrera ere, jarraituko dugu lanean, geurea epe luzerako proiektua baita.
Hasierako esaera zaharrera itzulita: Idoiak lan talde guztiaren laguntzarekin jakingo du iritzi eta aburu guztiak kontuan hartzen eta, alorrez alor, Elorrio indartzen. Amestutako Elorriora urratsez urrats gerturatzen.
Etiquetas: EH Bildu, Elorrio