Agortuta ‘D txartela’ guztiak 72 ordu baino gutxiagoan
Durangoko Udalak aditzera ematen zuen atzo, 20:00etan Durangoko “D Txartel” guztiak agortu egin zirela. Bonoak astelehenean, abenduak 10, jarri ziren salgai eta inoiz baino lehenago amaitu dira. Izan ere, 72 ordu baino gutxiagoan 1.900 bonoak saldu dira, aurreko urteetan, aldiz, astebete iraun duten bitartean. Bonoa eskuratu dutenek 10 euroko deskontua jasoko dute Durangoko hainbat dendatan erosketak egin ahal izateko.
Tokiko merkataritza sustatu eta herritarrak bertako dendetan erostera bultzatzea helburu duen “D Txartel” kanpainak, seigarren aldiz antolatu du Durangoko Udalak, Dendak Bai Durangoko Merkatarien Elkartearekin batera. Udalak 19.000 euroko partida ekonomikoa bideratu du kanpaina hau gauzatzeko.