‘ATOPIArpg’ euskarazko rol-jokoak irabazi du Durangoko Azokako lehenengo sormen beka
Euskaraz sortutako rol-joko batek irabazi du Durangoko Azokako lehenengo Sormen beka. «Etzi Portu Maritimoa» taldeak aurkeztu du proiektua, eta urtebete izango dute euskaraz sortu eta argitaratutako lehenengo rol-jokoa sortzeko. Proiektu horren izena ATOPIArpg da, eta 2019. urteko Azokan aurkeztu beharko dute. Bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da, Durangoko Udalaren lankidetzari esker.
Landako Guneko Areto Nagusian egindako prentsaurrekoan, Gerediagako elkarteko presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Aitziber Irigoras, sormen bekako epaimahaiburu Itxaro Borda eta «Etzi Portu Maritimoa» proiektuko taldekideak egon dira.
Gerediagako presidente Nerea Mujikak azaldu duenez, sormen bekaren helburua sortzaile berriengan arreta jartzea izan da: «Herri honetako sortzaile berriek asko dute guri emateko. Guztioei ahotsa eta plaza eskaintzea izan da Durangoko Azokaren helburua eta horretan dihardugu gaur egun ere». Durangoko Azokako sormen bekak euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen lagunduko du.
Mujikak eskertu gura izan du Durangoko Udalaren laguntza: «Hau guztia ez zen posible izango Durangoko Udalaren laguntzarik gabe. Eurengana jo genuenean, hasieratik sinistu zuten proiektuan eta ikusi zuten babestu beharra».
Epaimahakideen erabakia · Sormen bekako epaimahakideen izenean, Itxaro Borda idazleak hartu du hitza. Gainontzeko epaimahaikideak honakoak izan dira: Garbiñe Ubeda, Patxi Zubizarreta, Esti Albizu eta Xabier Bóveda. Bordak azaldu duenez, 28 lan aurkeztu dira deialdira: «Denak, batak besteak bezain interesgarriak». Azken hautaketarako hiru proiektu aukeratu zituzten: irabazi duen taldea, «Gerrak» eta «Hiru Puntu». Epaimahakideen arabera, «hiruretan kultur modalitate ezberdinak uztartzen ziren».
Azkenean, ATOPIArpg egitasmoa aukeratzea izan da epai-mahaiaren erabakia: «Rol joko bat euskaraz, literatura fantastikoaren eta jolas kolektiboaren gurutze-bidean, sortzaile talde dinamiko batek ekartzen duena. Irudimena eta irudiak lantzen dituzte, Euskal Herriko gaurkotasunean errotzen da, eta umorea ere sartzen du narrazio eta komentarioetan».
Epaimahaiak gogoratu dutenez, gainera, Azokan rol-joko horretara jokatzeko aukera egongo da: «Hitz eman digute 2019ko Azokan partidu bat abiaraziko dutela, guztien gozamenerako».
ATOPIArpg, euskaraz sortutako lehenengo rol-jokoa · «Etzi Portu Maritimoa» taldeak aurkeztutako ATOPIArpg izan da, beraz, sormen bekaren irabazlea. Talde horretako kide dira Xabier Landabidea Urresti, Galder Gonzalez Larrañaga, Beñat Irasuegi Ibarra, Ohiana Calparsoro Forcada, Yerai Gascón Sánchez, Unai Gorrotxategi Sabino, Gorka Salces Alcalde eta Eneko Olazabal Arruabarrena.
Egileen esanetan, gabezia batetik abiatutako proiektua da honakoa, euskarazko rol-jokoetan dagoen hutsunea betetzera datorrena, hain zuzen ere. Gogoratu dutenez, badago aurrekariren bat, Eneko Mazok euskaratutako Antzinako Eskola (Vieja Escuela), adibidez. Baina ATOPIArpg izango da euskaraz sortutako eta merkaturatutako lehenengoa.
“Proiektu honetan aurkezten den egitasmoak euskaraz sortu eta argitaratutako lehen rol jokoaren liburua du helburu, baina proposamen honekin paraleloan adierazpide ezberdinak lantzen saiatzen ari gara, blog, sare sozial eta irrati bidez euskarazko rol jokoen posibilitateak aztertzeko.”
Horretarako, ilustratzaileak eta programatzaileak, idazleak eta irakurleak, jokalariak eta kontalariak jarriko dituzte harremanetan. “Rol-joko honen bidez irakurketa eta idazketarako ahalegin kolektiboki gozagarriak ahalbidetu nahi ditugu, liburu honen sormen prozesutik bertatik hasita”, azaldu dute.
“ATOPIArpg-ko mundua” gisa definitu dutenak, Euskal Herri alternatibo bat aurkezten du, gauzak itxura batean berdinak edo antzekoak dira, baina atzetik historia eta istorio sekretuak, konspirazioak eta fakzio boteretsuen arteko gudak gurutzatzen dira.
Egileek azpimarratu dute rol-jokoek hartzaileei testuetan parte hartzeko aukerak “mugaraino zabaltzen” dietela eta joko honetan, satira politiko, detektibe nobela edo beldurrezko film batean bezala jokatu ahalko dutela.
Halaber, beka amaitzen denean proiektuari segida emateko nahia agertu dute, eta liburutik abiatuta, ipuin laburren bilduma bat, komikiak, podcast saioak, edo ikus-entzunezko animazioak… sortzeko esperantza agertu dute.