Aurtengo XXIX. Muska Hamabostaldiak Bartolome Ertzilla konpositore eta musikari durangarra omenduko du
Aitziber Irigoras Durangoko Alkateak eta Alfredo Sanz, Bartolome Ertzilla Kontserbatorioa eta Musika Eskolako zuzendariak eta Luis Orduña Durangoko Tabira Bandako zuzendariak Durangoko XXIX. Musika Hamabostaldia aurkeztu dute Kurutzesantu Museoan. Aurtengo edizioari, larunbat honetan, azaroak 10, emango zaio hasiera Elena Arbonies klarinete jotzaile durangarrak eta Bartolome Ertzilla Kontserbatorioko ikasle ohiaren kontzertuarekin eta abenduaren 22ra arte luzatuko da. Aurten Bartolome Ertzilla konpositorea izango da protagonista, izan ere, aurten bere heriotzaren 120. urteurrena oroituko dute.
Durangoko Udalak, Bartolome Ertzilla Kontserbatorioa eta Musika Eskolaren bitartez antolatutako musika-jaialdi honetan, publiko guztiei zuzendutako 4 kontzertu eskainiko dira, iaz baino bat gehiago. Hitzorduak azaroaren 10ean eta abenduaren 1, 16 eta 22an izango dira.
Lehenengo kontzertua azaroaren 10ean izango da, larunbata, 20:00etan San Frantzisko elizan. Protagonista Elena Arbonies izango da, klarinete jotzaile durangarra eta Bartolome Ertzilla Kontserbatorioko ikasle ohia. Gaur egun, Rotterdameko Kontserbatorioan graduondoko bat ikasten ari da. Pianoan Amaia Zipitria gipuzkoarrak lagunduko dio.
Bigarren kontzertua abenduaren 1ean izango da, 20:00etan, San Frantsizko elizan. “Viaggio Musicale” izeneko jardun honetan, autonomia erkidegoko profesionalek osaturiko Camerata Oiasso sokazko orkestra aurkeztuko da. Orkestra formakuntza handia eta ibilbide profesional garrantzitsua duen gaztez osaturik dago. Protagonistek Kamara Orkestrako obrak aurkeztuko dituzte, Correlli konpositore barrokotik hasi eta gaur eguneko Nino Rota konpositorera.
Hirugarren hitzordua abenduaren 16an izango da. Musika Hamabostaldiak Bartolome Ertzilla konpositorea hartuko du kontuan, berriro ere. Lehenengo zatian Durangoko Tabira Bandak konpositore durangarraren obrak aurkeztuko ditu, orain dela gutxi berreskuratu direnak. Bigarren zatian, Ertzillaren piano eta ahots obra batzuk aurkeztuko dira, banda eta ahotserako orkestratutakoak eta moldatutakoak. Protagonistek, Luis Orduña zuzendariaren batutapean, Vanessa Goikoetxea sopranoa, Andeka Gorrotxategi tenorea eta Durangoko Tabira Banda izango dira.
Aipatzekoa da ere, Luis Orduña Durangoko Tabira Bandako zuzendariak berak ikertu, berreskuratu eta moldatu dituela Bartolome Ertzilla konpositorearen obrak, hainbat musika-tresnekin, pianoarekin, ahots errepertorioan eta bandan eskaintzeko.
Azkenik, laugarren ikuskizuna, San Agustin Kulturgunean izango da abenduaren 22an, 20:00etan. Un músico en la Niebla: Semblanza y obra para piano de Bartolomé Ertzilla lelopean pianorako ahots eta musika kontzertua izango da. Hiru durangar Bartolome Ertzilla konpositorearen bizitzan eta garai horretako Durango herrian murgilduko dira. Eszenatokian Elena Orobiogoikoetxea kontzertuaren bultzatzailea (piano-jotzailea eta Madrileko Kontserbatorioko pianoko mintegiaren arduraduna) eta Carlos López-Pardo (gidoi kontalaria) izango dira. Marian Diazek dokumentazio lanean parte hartu du.
Durangon errotutako eta galdu ezin daitekeen ekimena · Lehenengo Musika Hamabostaldia 1989. urtean sortu zen eta geroztik, 29 urte ondoren, bere esentzia eta filosofia mantentzen jarraitzen du: musikari onenen bitartez, publiko guztiei kalitatez beteriko ikuskizun eta kontzertuak eskaintzea. “Musika klasikoa Durangoko historian oso presente egon da beti, hein handi batean Musika Hamabostaldiari esker” baieztatu du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, hori dela eta “ezinbestekoa da Kontserbatorio eta Musika Eskolako profesionalek urte hauetan zehar egin duten lana eskertzea. Halaber, durangar guztiak kontzertuetan parte hartzera animatzen ditut, musikaz gozatzeko aukera paregabea izango baita”.
Etiquetas: Bartolome Ertzilla, Durango, Escuela de Música y Conservatorio Bartolomé Ertzilla