Mañarian dagoen leize baten garbiketa egin du Euskal Espeleologoen Elkargoak
Urriaren 25ean, Euskal Espeleologoen Elkargoak (EEE), E-26 leizea garbitu zuen Mañariko udalerrian, Eskuagatxeko mendigunean. Guztira 400 bat kilo zabor atera genituen kobazulotik. Hondakinen artean, alde handiarekin gainera, beirazko botilak aurkitu genituen; halaber, plastiko- eta metal-ontzi ugari zeuden.
Leizea sakonune baten ertzean dago, eta 11 metro sakon baino ez da. Hala ere, sinesgaitza da hain zulo txiki batetik zenbat zabor atera daitekeen. Hasierako 6 metroko jauzi bertikalaren hondoan zegoen zabor gehiena. Hasteko, zakar guztia ontzi txiki batzuetan sartu genuen; eta ondoren, sokak erabiliz, kanpora atera.
Hurrengo pausoa hondakinak sailkatzea izan zen: beira, batetik; ontziak eta plastikoak, bestetik; eta errefusa, azkenik. Behin banaketa eginda, Akalarran genituen 4×4 ibilgailuek zeramatzaten atoietan sartu genuen dena. Goiz osoa behar izan genuen hamarkadetan pilaturiko zabor guztia ateratzeko.
Leizearen kokapena ·
Mendigunea: Eskuagatx
Eremua: Akalarra
Koordenatuak UTM (ETRS89): X 526057 Y 4772735 Z 736
E-26 zenbakidun leizea Mañariko udalerriko mugen barruan dago: Eskuagatxeko mendiguneko hegoaldeko muturrean, Akalarratik Artzateko txaboletara doan bidearen albo batean. Bertara iristeko modurik errazena Urkiolatik datorren basopista hartzea da.
Euskal Espeleologoen Elkargoa (EEE) · Euskal Herri mailako, espeleologia elkargoa da, eta bere helburuen artean honako
hauek daude:
− Espeleologia zientifikoa sustatzea eta zabaltzea
− Karstaren babesa eta azterketa
− Euskal Herriko espeleologia taldeak koordinatzea
− Euskal espeleologia bultzatzea bere arlo guztietan
− Kobazuloetan erreskateak egitea eta erreskate tekniken ezagutza sustatzea.