Elorriarren lehentasunak ikertuko ditu Udalak inkesten bidez
Iraila bukaeran ekingo diote entzuketa-saioari, eta aurrerago etxe guztietara bidaliko den galdetegi batekin uztartuko da.
Aurrekontu Partehartzaileak ardatz hartuta, elorriarrek Udalaren inguruan dituzten kezken eta etorkizunera begira egon daitezkeen proiektuen lehentasunak aztertuko ditu Udalak. Horretarako, irailaren bukaera eta urriaren hasiera bitartean inkesta telefoniko eta presentzialak egingo dira herrian zehar, Aztikerren laguntzarekin.
Azterketa hau aurrerago etxe guztietara bidaliko den galdetegi batekin uztartuko du Udalak, hurrengo urteko Aurrekontuetarako elorriarren iritzia eta lehentasunak ezagutu asmoz.
Entzuketa-saio hau azken hilabeteetan egin diren beste bi azterketen jarraipena da. Izan ere, Berrio Otxoa kaleko sarbide berriak bertako auzolagunen eta merkatarien zein gainontzeko herritarren artean sortu duen iritzia ezagutu nahi izan du Udalak. Horrez gain, herriko merkataritza txikia suspertzeko, Merkataritza Plana osatzen dabil Udala azken hilabeteetan, eta antzeko inkesta bat burutu du merkatarien eta herritarren iritziak ezagutu asmoz.
Hurrengo urteetan burutu beharreko proiektuen diagnosia egiteko orduan, elorriarren ohitura eta iritziak ezagutzea “ezinbestekoa” dela adierazi du Udalak.