SARE · «Orain konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea da»
Testua · Sare
Konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea da. Parez pare ireki zaigu urteetan luzatu den sufrimendu egoera batekin amaitzeko aukera. Pasa den maiatzaren 4an bizitako egun historikoaren ostean, zabaldu den garai berri hau elkarrekin ziklo luze honi amaiera emateko aprobetxatu behar dugu, elkarrekin lan eginez, elkarrekin ditugun adostasunei lehentasuna emanez eta elkarrekin aurrera eginez.
Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta horretarako iraganetik datozen oinaze eta minak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau geure egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea.
Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. Hain zuzen ere, gaur hemen batu gaituena. Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen- neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak.
Bakean eta adiskidetuta bizi den jendarte batekin amesten dugunok giza eskubideen errespetuak batzen gaitu. Zentzu honetan, egungo espetxe-politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako behar beharrezkoa da guztion bultzada.
Lau puntu hauek dira, bereziki, aipagarrienak:
- Urruntzea. Asteburu oroz ehunka senide ehunka kilometro egitera behartzen dituena.
- Larriki gaixo dauden presoak. Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik dauden presoek behar bezala artatzea merezi dute, hemen eta orain.
- Europako Legediak dioen moduan, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa.
- Lehen Graduen aldaketa. Euskal presoek, lehen graduan betetzen dute zigorraren %100, eta hori legearen kontra doa.
Espetxe-politika hau iraganean eta ezhoiko lege batean oinarritzen da. Guk etorkizunera begira jartzeko garaia dela uste dugu. Gure ondorengoentzat guri aurrekoek utzi zigutena baino etorkizun hobea eraikitzeko aukera dugu esku artean. ETA desagertu den honetan, ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi.
Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako gizarte-hausturak elkarrekin sendatzeko unea. ORAIN. Batu ezin izan garenok batzeko unea da. Orain presoen auzia konpontzeko unea da.
Gaur hemen batu garenok ORAIN PRESOAK dinamika martxan jartzen dugu, eta guztioi dei egiten dizuegu, gure ametsarekin bat egiten baduzue, urriaren 20rako antolatzen ari garen manifestazioa herri honetan inoiz izan den manifestaziorik handiena bilakatzen laguntzera.