Ostirala,
2024ko Apirilak19

MugaKultura

loader-image
Durango
5:34 pm,
temperature icon 21°C
Humidity 39 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

1936-1946 hamarkadako errepresioa ikertzen hasi dira Elorrion

1936ko Gerra Zibilak, 1937ko Bonbardaketak eta hurrengo hamarkadan Elorrion gertatutako errepresioak izan zuen eragina aztertu asmoz, Laumunarrieta 1937 elkarteak eta bertako udalak ikerketa historiko bat jarri dute martxan. Ikerketa horren helburua izango da garai hartan herrian izandako errepresio sozial, politiko, kultural zein ekonomikoaren inguruko informazioa bilatu, dokumentatu eta hedatzea.

beka

Mikel Diego Barajas laugarrena eskumatik. ARGAZKIA. Elorrioko udala

Ikertzailea aukeratzeko beka-deialdi irekia egin zen apirilean, eta behin hautagai guztiak aztertu ondoren, Mikel Diego Barajas historialari bilbotarrak burutuko du ikerketa, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) laguntzarekin. Udaletxean eginiko prentsaurrekoan, Idoia Buruaga alkateak nabarmendu du “azkenaldian bogan dagoen kontua” dela Memoria Historikoarena: “Espainiara begiratu besterik ez daukagu, hala ere, guk gurera begiratu nahi dugu, Elorriora, guk ez duguna egiten inork ez duelako egingo. Egunez egun, geroz eta gutxiago dira 1937. urtean eta ondoren Elorrion gertatutakoak gogoratu ditzaketenak, eta udalaren ardura da gure historia bizirik mantentzea”.

· 75 hildako, 40 preso eta 10 esklabu, behin-behinean · Buruagaz gain, prensaurrekoan Txus Arrieta Gizarte arloko zinegotzia, Jesus Aristegi Laumunarrieta 1937 elkarteko lehendakaria eta Mikel Diego historialaria izan dira. Diegok azaldu duenez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bermatzen dituen Egia, Erreparazioa eta Justiziaren printzipioetan oinarrituko da bere lana osatzerako orduan. Zentzu horretan, ikerketak bi helburu izango ditu: alde batetik, Elorrion izandako giza eskubideen urraketak aztertzea, eta beste batetik, biktimei izen-abizenak jartzea.

Irailean hasi den arren, historialariak dagoeneko aurrelanketa bat egin du Euskal Herriko artxibo ezberdinetan, eta bertan jasotako hasierako emaitzak argigarriak izan dira: gutxienez 75 hildako, 40 preso eta 10 langile esklabu izan ziren Elorrion, nahiz eta zifra hori handituz joango da ikerketak aurrera egin ahala. Izan ere, Derioko artxibo eklesiastikoan, Bizkaiko artxibo probintzialean eta Euskadiko artxibo historikoan eman ditu lehen urratsak historialariak, baina oraindik ere Estatu espainiarrean hainbat artxibo historiko arakatu beharko ditu.

· Deserriko Arrasateko Udala, Elorrion · Azterketa dokumentalaz gain, garai hartako lekukoen testigantzak bilduko ditu historialariak, dokumentatu gabe geratu diren hainbat urraketetan sakondu asmoz. Zentzu horretan, emakumeen aurkako errepresioan jarri du jomuga, “izan ere, artxiboen bitartez ia ezinezkoa bihurtzen da derrigorrez besteen etxeetan zerbitzari lanetan ibili zirenak edota ilea moztu eta plaza erdian sari gisa jarri zituztenak kuantifikatzea”.

Intxortako frontea zela eta, Elorrio bando errepublikarraren mugan izan zen bertako frontea erori bitartean. Bando faxistatik zetozen errefuxiatuentzat lehen herri errepublikarra izan zen beraz. Horrek gertaera bitxiak eragin zituen, besteak beste, Arrasateko Udaleko ordezkariak bertan erbesteratu eta osatu baitzuten deserriko Arrasateko Udala.

· Laumunarrieta 1937 elkartea · Alkateak nabarmendu duenez, legegintzaldi honetako erronketako bat Memoria Historikoa lantzen hastea izan da udalarentzat. Zentzu horretan, eta Elorrioko Bonbardaketaren 80. urteurrenaren baitan eratutako ‘Laumunarrieta 1937’ elkartearen sorrerak azken honen eta udalaren elkarlana suspertu du, hainbat ekimen abiaraziz. Besteak beste, bonbardaketaren biktimei omenaldia, testigantzak bideoz jaso, ikastetxe zein herritarrekin bisita gidatuak, hitzaldiak eta abar antolatu dira azken urteetan.

Bukatzeko, Txus Arrieta Gizarte arloko zinegotziak dei egin die elorriarrei elkartera gerturatzera, “memoriazale guztion artean batu eta gure aitita-amamen iragana ezagutzeko, orduko latza, behintzat, berriro gertatu ez dadin”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu