Ferixa Nausikoetan izandako partehartze handia nabarmendu du Elorrioko Udalak
Abuztuaren 31n hasi eta astelehen honetako Idi Proben finalarekin bukatu diren Ferixa Nausikoen arrakasta nabarmendu nahi izan du Elorrioko Udalak. Beste urte batez herriko kaleak jendez bete dira jaiek iraun duten bi asteburuetan, eta izandako eguraldi atseginak “aurreko urte batzuetan baino jende gehiago erakartzea ahalbidetu du, batez ere lehen asteburuan”, adierazi dute udal ordezkariek.
Ekitaldirik jendetsuenak igandeko azoka, asteleheneko Aldatsekuako Koadrilen Bazkaria eta Sukalki Eguna zein Karrozen Jaitsiera izan dira aurten ere. Besteak beste, astelehenean, Koadrilen bazkarian, 88 lagun talderentzako 1.497 jesarleku banatu ziren, eta bigarren larunbatean 30 taldek parte hartu zuten Karrozen Jaitsieran.
Gainera, aurten nerabeentzako ekitaldi gehiago antolatu dira, Udalak beraiekin batera egindako Gazteria Planean hutsunea zegoela ohartu ondoren. Zentzu horretan, “balorazio positiboa” egin du gobernu taldeak, eta bide horretan sakontzen jarraituko duela gaineratu du.
Jaietan, herritik eta herritarrentzako lan egiten duten eragileak eskertu nahi izan ditu Idoia Buruaga alkateak: “Hor ditugu kirol zein kultur talde ezberdinak, Kainaberak azken igandean egiten duen Elkartasun Jaia, Danborrada, Txosna Batzordeak zein Gaztetxeak egiten duten programazio osagarria, Euskaraldiaren Mintzodromoa, emakume taldeek egindako ahalduntze saioak eta beste hainbat ekitaldi. Elorriarrek egiten dituzte berezi Ferixa Nausikoak eta beraien alboan egongo gara, beste hainbat arlotan egiten dugun bezala, jaiak ahal den heinean hobetzeko”.
· Bizikidetza hobetzeko ahalegina · Jaietan izaten diren bizikidetza arazoak ekiditeko asmoz, iaz martxan jarritako bi egitasmotan sakondu du udalak aurten ere. Batetik, botiltzarra egiten duten gazteekin prebentzio eskuhartze kanpaina egin da bi asteburuetan. Lanean aritu diren monitoreak 651 gazterekin egon dira alkoholaren eta drogen arriskuez informatzen eta guneak garbi mantentzeko zabor poltsak banatuz.
“Gauez aurreko urteetan baino jende gehiago gerturatu da jaietara, batez ere lehen asteburuan, eta horrek eragina izan du botiltzarraren fenomenoan. Herri guztietan gertatzen den fenomenoa da eta guk bakarrik ez dugu errotik aldatuko, baina interesgarria iruditzen zitzaigun gaia prebentziotik eta bizikidetzatik lantzea”, adierazi du Buruagak.
Bestetik, Aldatsekuako bazkarietako hondakinen inguruan lanketa egin du Udalak Durangaldeko Amankomunazgoarekin batera, birziklapena eta inguruarekiko errespetua bultzatu asmoz. Iaz lehenbiziz egin bezala, mahai guztietan koloreetako zabor poltsa ezberdinak banatu eta ingurua garbi mantentzeko eskatu zitzaien partehartzaileei gutun bitartez. Zentzu horretan, bertaratutakoek izandako jarrera eskertu nahi izan du alkateak, eta hurrengo urteetan lan horretan sakontzen saiatuko direla nabarmendu du.
Eraso sexistei dagokienez, momentuz Elorrioko Udalak ez du erasoren berririk. Berdintasun sailetik aipatu dute 24 orduz eskuragarri zegoen telefonoan deirik egon ez dela eta Udaltzaingoak ere ez duela inolako salaketarik jaso.