Iurretako udalak Maiztegi Herri eskolako atzeko fatxadako leihoak aldatu ditu
Iurretako udalak, aurreko urteetan bezala, udako oporraldia aprobetxatu du Maiztegi ikastetxean hobekuntzak egiteko. Oraingo honetan, ikastetxeko zuzendariarekin hitz egin eta gero bertako premiak zeintzu diren jakiteko, lehenengo solairuko atzeko fatxadaren isolamendu termiko eta akustikoaren baldintzak hobetzen jarraitzeko lanak egitea erabaki zen.
Horrela, Maiztegi eraikineko berokuntzaren gastua murriztu eta energia-eraginkortasuna hobetze aldera, atzeko fatxadako leihoak ordezkatzeko lanak egin dira.
Horretarako, bertan zegoen arotzeria kendu da, eta metalezko arotzeria berria instalatu da beira bikoitzarekin eta isolamendu termiko zein akustikoarekin. Oraingo honetan, 3.50 x 1.70 tamainako lau orriko 16 leiho ordezkatu dira, eta pertsianak ere bai.
Hobekuntza horren aurrekontua 49.100 eurokoa izan da, eta Eusko Jaurlaritzak 29.000 euroko diru-laguntza eman du. Obrak uztaileko bigarren hamabostaldian eta abuztuan egin dira, datorren ikasturtea hasten denerako dena prest egon dadin.