Ehunetik gora abelburu eta 51 baserri eta artisau saltoki Urkiolako San Antonioko Azokan
Urkiolako San Antonio egunean, ekainaren 13an, baserri azoka bat egingo da 100etik gora abelburu eta 51 baserri eta artisau saltokirekin, Abadiñoko Udaleko Landa Garapen, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Iñaki Rekaldek esan duenez.
Azokaren antolatzaileak dira: Abadiñoko Udala, Urkiola Landa Garapena, eta Urkiolako Santugtegia. Azokan Abadiñoko baserrietako 69 behi erakutsiko dira (pirenaikoak, txarolesak, limusinak eta mendiko asturianoak), gehi 14 ahari eta 57 zaldi.
Baserri azokan BBKko 29 saltoki egongo dira baserriko jeneroa saltzen eta 22 bestelako salgaiekin, hala nola erroskilak, zurezko artisautza, bitxiak, harri landuak, xaboiak, e.a..
- Juan Mari Totorika, Iñaki Rekalde eta Jose Luis Navarro.
Iñaki Rekaldek esan duenez, Udalak aurten lehen aldiz aukeratu ditu saltokiak publikoki ezarritako baldintza batzuei jarraituz, eta lekuak zozketaz esleitu ditu.
Hilaren 13an ohiko mezak esango dira santutegian 10:00, 11:00, 12:00, 13:00 eta 18:00etan. Meza nagusia 12:00etan izango da eta Bilboko apezpiku Mario Icetak emango du. Giroa alaituko dute trikitrilariek eta Angel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolariek.
- San Antonio. ARGAZKIA. Iban Gorriti
Hilaren 17an, errepetizio egunean, berriro jarriko dira BBKko saltokiak eta mezak izango dira 10:00, 11:00, 12:00, 13:00 eta 18:00etan. 12:00etako meza nagusian Leioako Abesbatzak abestuko du.
13:00etan aizkolari dema bat jokatuko da: Bihurri eta Donato Larretxea bikotea, Arria V eta Hodei Ezpeletaren kontra. 16:30etan, erromeria Patxi y compañía taldearekin.