Hasi dira Elorrioko Aldapebeitia jauregia zertara bideratu erabakitzeko ate irekiak
Lehen egunean elkarteetako ordezkariek eta herritarrek parte hartu dute. Asteburuan, berriz, bisita antzeztuak egingo ditu herriko Arrapaladan Antzerki Taldeak.
Aurrera darrai Elorrioko Aldapebeitia jauregiaren erabilera zehazteko martxan jarritako prozesu partehartzailea. Orain, elorriarren eskura jarritako buzoiez eta webguneaz gain, jauregia bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini du Udalak, ekainaren 3ra arte luzatuko diren Ate Irekien bitartez.
Asteazkenean ireki zituen ateak Aldapebeitiak, hamar urtez itxita egon ostean. Iraganean marianisten ikastetxe, udaletxe, osasun zentro edota Elorrioko eragile ezberdinen egoitza izan ostean, 2005ean hutsik geratu zen. Atzoko bisita gidatuetan, berriz, 60 pertsona inguruk parte hartu zuten, herriko elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak, tartean.
Udal ordezkariak pozik agertu dira orain artean jasotako erantzunarekin: “Dozenaka ekarpen jaso ditugu orain arte webgunean, eta kalean ere antzematen da prozesuarekiko interesa. Orain da ordua elorriarrek eraikin historiko honekin zer egin nahi duten erabakitzeko unea”.
· Bisita Gidatuak asteburuan zehar · Igandea bitartean saio ezberdinak egingo dira herriko elkarte, eragile eta norbanakoentzat. Astean zehar, elkarteen bisitak 18:00etan hasiko dira, eta herritarrenak 19:00etan. Asteburuan, berriz, Elorrioko Arrapaladan Antzerki Taldeak antzeztutako bisita gidatuak egingo ditu 12:30ean zein 19:00etan.
Horrez gain, herritarrek bide ezberdinak izango dituzte erabilera aproposena proposatzeko, izan ere, herriko hainbat eraikin publikoetan postontziak utziko dira etxera bidaliko diren galdetegiak helarazteko. Gainera, ahalik eta jende gehiagorengana heldu ahal izateko, www.elorrio.eus webgunean atal berezi bat sortu da.
Etiquetas: Aldapabeitia, Elorrio