DURANGOKO BONBARDAKETAREN LEKUKOAK · Teresa Setien eta Agustin Eskubi gogoan
Testua · Durango 1936 Kultur Elkartea
Teresa Setien Piedra (martxoak 7) eta Agustin Eskubi Urtiaga (martxoak 12) hil berri zaizkigu. Biek ala biek modu gordinean pairatu zituzten 1936ko altxamendu faxistaren ondorioak.
Teresaren aita, Hilario Setien, 1937ko bonbardaketan hil zuen abiazio faxistak eta beste familiako kide batzuk ere galdu zituen.
Agustin Eskubiren anaia, Juan Eskubi fusilatu egin zuten faxistek eta Agustin, gazte gazterik Ingalaterrara joan zen gerratik ihesi. Bertan bizi izan da geroztik eta bertan eman du azken hatsa.
Teresa Setien Piedra (Durango 1925-2018)
Durango 1936 elkarteari emandako elkarrizketan adierazi zuen legez, Teresa Setién Piedrak aita galdu zuen Durangoko bonbardaketan (1937-3-31). Abiazio faxistaren bonba batek hil zuen Hilario Setien Kurutziaga kalean. Ez zen familiak jasan behar izan zuen ezbehar bakarra izan. Tiburcia Larrañaga amabitxi ere bonbardaketan jasotako zauri larrien ondorioz hil zen. Generoso Setien Ortiz lehengusua, Markinan, Aiuste mendian hil zuen obus batek 1936ko urriaren 10ean. Neba Manolok kartzela eta errepresioa pairatu zituen.
Teresaren amak eta Teresak berak gogor lan egin behar izan zuten gerraostean familia aurrera ateratzeko laguntzarik eskaini ez zien giro frankista itogarrian. Bizitza osoa lanean eta familiaren alde borrokan eman zuen emakumezkoen belaunaldi baten istorioa da Teresarena.
Agustin Eskubi Urtiaga (Durango 1922-Ingalaterra 2018)
Agustin Eskubi Urtiaga 1937an abiatu zen Ingalaterrara gerratik ihesi. Gaztetxoa zen artean baina bazuen gerraren nondik norakoen berri. Durangoko bonbardaketaren lekuko zuzena izan zen. Anaia, Juan Eskubi Urtiaga STVko eta ANVko kidea zuen, Durangoko defentsa batzordeko burua. Frankistek atxilotu eta heriotzera kondenatu zuten. 1938ko urriaren 24an fusilatuta hil zuten Derioko hilerrian.
Agustinek Ingalaterran egin zuen geroztik bizimodua eta hantxe hil da.