Durangoko Udalak 6 apartamendu alokatuko dizkie gazteei, gehienez 300 euroko alokairuaren truke
Herriko gazteen emantzipazioa errazteko helburuarekin, Gazteen Alokairua programa arautzeko ordenantza onartuko du Durangoko Udalak datorren asteartean, hilak 30. Ordenantzan zehaztu denez, alokairuak 115 eta 300 euro artekoak izango dira, eta pezio hori norbanakoen edo bizikidetza-unitateen diru-sarreren araberakoa izango da.
Pilar Rios alkateorde eta programa bultzatzen duen Durango Eraikitzen erakundeko arduradunak ekimena sortzeko egin den lana nabarmendu du: “urte betez ibili gara lanketa egiten eta kontsentsua lortu dugu Durangoko gazteen ordezkariekin eta udaleko oposizioko taldeekin”.
Riosek gaineratu du laster udalaren esku dauden beste bost etxebizitza batuko direla programara: “alokairuan bizitzea gazteentzat aukera egingarria izatea gura dugu, eta bizitza autonomoa izaten lagundu gura diegu; izan ere, hori gaur egun oso zaila da, alokairu pribatuko merkatuaren baldintzak diren modukoak izanda”.
· Gazteen Alokairua · Norbanakoek edo elkarrekin bizi diren pertsonek programa honetara jotzeko Durangoko Udalean eman beharko dute izena, Gazteen Alokairua programako eskatzaileen aldi baterako erregistroan. Eskariak datorren astetik aurrera aurkeztu ahalko dira HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuan, udaletxeko beheko solairuan.
Programa 18 eta 30 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta. Ezkondutako edo izatezko bikote diren bikoteen kasuan, kideetako bat adin-tarte horretan egotea nahikoa izango da. Eskatzaileen errenta-maila gordina, urtean 7.500 eta 33.000 euro artekoa izan beharko da. Errentaren arabera zehaztuko da alokairuaren prezioa. Kontratuek urtebeteko iraupena izango dute, eta hiru urtez luzatu ahalko dira.
Pilar Riosek gaineratu duenez, “testuinguruak testuinguru, Durangok etxebizitza arloan aurrerratuen dauden Europako hirien bidea jarraitu gura du, Vienarena esaterako; han, instituzioek babes ekonomiko handia ematen dute etxebizitzaren erabilera soziala bultzatzeko”. Zera erantsi du: “Durangoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza programetan parte hartzen du, eta aurten, jaurlaritzak aurreikusi du gastuaren zati handi bat erabiliko du Etxebitza Legea araudi arloan garatzeko eta etxebizitza eskubide subjektiboa bermatzeko”.