Abadiñoko udalak berriro zabaldu du Zelaietan bizikletak garbitzeko gunea
Abadiñoko Udalak berriro zabaldu du Zelaietan, hilerri ondoan, bizikletak garbitzeko gunea eta zarradura bat jarri dio erabilera txarrak eragozteko, Iñaki Rekalde Landa Garapen, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak esan duenez. Bestalde, Udalak erabiltzaile baimenduen erregistro bat prestatu du, bakarrik sar daitezen esparrura sarrera-kode bat eskatua duten herritarrek.
Zinegotziak esan duenez, garbiketa gune hori duela zenbait hilabete zabaldu zen eta gero itxi egin behar izan zen kalte batzuk egin zitzaizkiolako. Zarradurarekin eta sarbide-erregistroarekin bermatzen da erabiltzaile guztiek lekua egoki eta txukun aurkituko dutela bizikletak garbitzeko.
Garbiketa gune hori erabili nahi duenak galdetegi bat bete beharko du udaletxean, edo mezu bat bidali «irekalde@abadiano.org» helbidera, edo 688867137 zenbakira whatsup bat bidali nahiz deitu. Erregistratzean, bakotxak bere izen-abizenak, ENA zenbakia, mugikor zenbakia eta helbide elektronikoa jakinarazi behar ditu.