Astelehena,
2025ko Otsailak03

MugaKultura

loader-image
Durango
1:03 am,
temperature icon 6°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 0 Km/h

‘Durangaldearen ongizatea hobetzeko helburua duten aurrekontuak’ onartu ditu Durangoko Amankomunazgoak

 

2018ko 6.324.904,32 euroko aurrekontua onartu du Mankomunitateak, 2017an baino 300.000 gehiago. Aurrekontu proposamena azaroaren 13an egindako batzordean aurkeztu zuen gobernu taldeak eta zazpi batzordetan landu da azken proposamena zehaztu arte.

Gobernu taldeak aurrekontuaren onarpena positiboki baloratu du “inoiz baino lehenago onartu delako, eta honek 2018an kudeaketa hobea egiteko aukera ematen du”. Era berean, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, Mankomunitatea kudeatzeko sinatutako akordioak bi urte bete dituenean, balorazio baikorra egin dute, eta aurrekontuen helburua “Durangaldean bizi diren pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea dela” azpimarratu dute.

Hondakin Bilketa Zerbitzuari dagokionez, Aitor Lopez Mankomunitateko Presidenteak azken bi urteetan zerbitzua langile gehiagorekin indartu dutela, bolumen handiko hondakinak batzeko kamioi berria erosi dutela eta hondakin marroia eta autokonpostajea eskualde osora hedatu dutela esan du. Era berean, edukiontzi marroian izena emateko kanpaina martxan dutela gogoratu du eta bertan izena emateko deia egin du, horrela bilketa selektiboa indartzen delako eta “eskualdeari On Egiten” zaiolako. 2018. urtean norabide berean lan egingo dutela zehaztu du hondakin bilketa egiteko bi kamioi erosiaz eta Tokiko Eskola Agendaren bitartez prebentzio eta hezkuntza jarduerak sustatuz. 2018an ekonomia zirkularra landuko da Tokiko Eskola Agendaren bitartez, Murriztu, Berrerabili, Birziklatu ideian indarra eginez.

manco

2017an Gaueko Harrera Zerbitzua urte osoko zerbitzua izateko hitzarmena sinatu ostean, Mankomunitateak “Gizarte Zerbitzuen Kartera garatzen jarraitzea” da 2018ko Ongizate Arloko erronka nagusienetakoa. Bestalde, Lopezek 2017an Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako bideratu den 690.000 euroko zenbatekoa nabarmendu du, 2016an baino 150.000 euro gehiago. Azkenik, Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuaren garrantzia aipatu du, “arreta pertsonalizatu eta profesionala ematen duen ezinbesteko zerbitzua” eskaintzen dizkielako eskualdean mendekotasun egoera duten pertsonei, beraien “bizi kalitatea hobetuz”.

Lopezek Pertsona Nagusien Zerbitzuak eta Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak dinamizazio eta prebentzio jardueren bitartez eskualdearen ongizatea hobetzeko egiten duten lana goraipatu du.

Mankomunitateko presidenteak esan du Durangaldeko Behargintza auto-enplegua, negozio ideia berrien sorkuntza eta lanerako formakuntzarako erreferentzia dela, eta 2017an hasi eta 2018an egingo diren Europako Gizarte Funtsak finantzatutako Hazilan eta Txertatu programak aipatu ditu adibide bezala. Era berean, Lehiakortasun Poloaren aldeko apustua defendatu du “Durangaldeko enpresen lehiakortasuna eta kooperazioa bultzatzeko beharrezko aliantza” dela argudiatuz. Mankomunitateak 2017an 30.000 euro bideratu zituen lehenengoz Poloa bultzatzeko, eta 2018an zenbateko berdina aurreikusi dute.

· Kontsumo bulegoa · 2018an Kontsumo Bulegoak bigarren langile bat izango du urte osoan zehar. Mankomunitateak kudeatzen duen bulegoa Eusko Autonomi Erkidegoan erreklamazio gehien tramitatzen dituen bulegoa da, Bilbo eta Donostiako bulegoen aurretik. Euskara arloa finkatzeko apustua ere aipatu du Lopezek.

2018ko aurrekontuetako berrikuntzetako bat Mankomunitatea osatzen duten herrietako Airearen Kalitatearen Azterketa egitea da. Mankomunitateak 2013an neurtu zuen azkenengoz airearen kalitatea eta “bada garaia berriro ere neurketa egin eta emaitzak udalen esku uzteko, beharrezkoa balitz neurriak hartu ditzaten”.

2018an kirol instalazioetan egingo den inbertsiorik garrantzitsuena atletismo pistako tartanaren aldaketa izango da, baina Gobernu Taldetik ohartu dutenez “inbertsio hau egiteko ezinbestekoa da beste erakunde batzuen laguntza izatea”. Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak Abadiñoko Tornosolo Trinketea, Berrizko Marino Lejarreta Belodromoa eta Landakoko Atletismo Pista kudeatzen ditu, “Bizkaia mailan hirurak dira erreferentziazko instalazioak beraien modalitateetan”.

Bukatzeko Lopezek Mankomunitateak eskualdean duen garrantzia aldarrikatu du, “herritarrek egunero erabiltzen dituzten zerbitzuak eskaintzen ditugu, eta horrek eskualdearen ongizatea hobetzeko aukera ematen digu”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu