IZARO: «Feminista naiz, gerraren aurka nago, ustelkeriaren aurka, arrazakeriaren aurka»
Mugalari.info
18 galdera. Abeslari 1. 5 hizki: Izaro. 11 amets ‘hankapuntetan’. Disko pila 1 sinatu ditu gaur Durangoko Azokan.
Nor da Izaro?
Musikalki, Izaro IZARO da. Letra larriz pertsona bakar baten proiektua izan arren familia oso bat sortu delako. OM aurkeztu aurretik sortu genuen familia da IZARO: ni neu, nire musikari laztanak, laguntzen nauten guztiak, lagun minak, gurasoak, entzuleak eta proiektua aurrera eramatea posible egiten dutenak. IZARO naz, IZARO gaz.
Ba al dakizu Izaro Abesbatza existitzen dela?
Ba ez! Eta jakin badut ez naiz gogoratzen…
Iker Lauroba musikariarekin partekatuko du stand-a Durangon, sormen handiko bi musikari…
Bai. Batez ere Iker, sormenaren iturri etengabea da! Eta badirudi denborak ez duela itzaltzen. Plazera da bere lanak nirearen ondoan izatea, plazera da bera nire lanaren parte izatea, eta espero dut publikoak bere lanak estimatzea, batez ere, azkena: Nire Gotorlekutik.
Zer espero du presentzia mediatikoaz?
Ba ez dakit! Lehen aldia da stand propioa duela eta urduri xamar dago, bai. Erantzukizun asko dira, baina lagun onak eta langileak dauzka inguruan. Mediatikoa baino jendarteko presentziaren bila doa.
Bi nobedaderekin dator: bere disko arrakastatsua binilo formatoan eta EP bat, mugarik jarri ez dion bilduma bateko lehena. Jack tripa-ateratzaileak esango lukeen bezala: zatika. Entzuten duzu musika biniloan?
Ez! Ez dut biniloa entzuteko gailurik, eta ez dut biniloa entzuten. Guzti honen hasieran asko lagundu ninduen pertsona baten omenez egin ditugu, eta jendeak jakinarazi digulako binilo gosea daukala.
Lan berriak Mikel Urdangarinekin batera abestutako kanta bat dakar, Paradisen bossa nova bertsioa, besteak beste. Kontatu gehiago, jakin-minak irentsiko gaitu…
Bai… Oso berezia da niretzako. Baneukan gogoa laborategi lanak egiteko, abesti bereziak argitaratu, auto-bertsioak eta horrelakoak. Bilduma honetako lehenarekin nator azokara: hankapuntetan I edo hankapuntetan palito nahi duzuen bezala (jajaja). Badaukat gogoa jendearen harrera ikusteko. EP hauek atenporalak izango dira, eta nahi beste, nahi bezala ateratzen joango naiz etorkizunean (espero).
Eta hau otsailean irtengo den bigarren disko aurreko zizka-mizka da. Om-en hildo Zen hori jarraituko du bigarrenak?
Bai eta ez. Esentzia hori mantenduko da, ni aldatzen noan heinean aldatzen doa esentzia bera ere, eboluzionatzen, baina funtsa bera da. Uste dut bigarrena kontzienteagoa dela, ausartagoa. Sosegua eta perspektiba.
Gutxik dakite kantu klaseetara zoazela…
Irailean hasi nintzen. A ze aurkikuntza! Super pozik nago. Gauza asko ikasten ari naiz, nire instrumentua ezagutzen ari naiz (super agerikoa dirudi horrek, baina ez da), gauzak zuzentzen, gorputzari entzuten…
Non geratu da Oh Happy Dayko esperientzia? La Voz edo Operación Triunfora aurkeztuko zinateke?
Kar, kar, kar… Ez. Iraganean gelditzen da hori. Ez nuke lehiatu nahi, ez zait gustatzen sentsazio hori. Ez dut inor baino hobeto edo okerrago egin nahi, ez dut nire ahotsarekin irabazi edo galdu nahi. Dakidana egiten dakit, daukadana daukat eta ez dut hori lehiara atera nahi. Lan egin nahi dut eta gozatu.
Zer daukazue zuk, Idoia Bediagak eta Iseok komunean?
Begi bi, beso bi, hanka bi, esku bakoitzean bost atzamar, buru eta bihotz bakarra. Hirurok maite dugu musika eta gurea egiten dugu ahal eta dakigun ondoen.
Lloyd Cole edo Micah P Hinson bezalako nazioarteko artistekin jo duzu. Azken horrek bere azken diskoan koroak egiteko eskatu zizun…
Egia da bai. Plazera izan zen, batez ere Micah-rekin jotzea, harreman estuagoa egin genuelako. Egia da proposamena egin zidala, ibili ginen kontaktuan eta elkarlanean, baina azkenean epeak zirela medio ezin izan genuen egin. Penarekin geratu nintzen baina proposamen hutsak bete nau.
Gutxi dira disko bakarrean hiru hizkuntza erabilita arrakasta izatea lortu dutenak. Nola gainditu zenituen euskara hutsean ez abestearen inguruko hasiera hartako kritikak?
Kritikak ez ziren amaitu, egiten duzuna egiten duzula jasoko dituzu kritikak, hori ikasi dut. Bakoitzak bereari egiten dio tira. Sufritu dut, gezurrik ez dut esango, batez ere eraso formatuan datozen kritikekin, batzuetan testuingurutik kanpo. Baina terapia egin dut lagunekin, azken finean, %1a baino gutxiago dira horrelakoak, ez gaitzatela eklipsatu!
Emakumearen, errefuxiatuen eta euskararen defendatzaile sutsua zara… Bigarren diskoan badute lekua gai horiek?
Bueno, ni baino sutsuagoak badira Mediterraneoko itsasoan pertsonak salbatzen, emakumeen laguntza zentroetan lanean etab. Baina bai militantzia bizimodu bihurtzen saiatzen naiz, feminista naiz eta egunetik egunera hobea, gerraren aurka nago, ustelkeriaren aurka, arrazakeriaren aurka, “legez kanpoko pertsona” kontzeptua gizatasunean kabitzen ez dela uste duena, eta euskaraz bizi nahi dut eta bizi naiz.
Bigarren diskoan hori islatuko da ziur, nire bizimoduaren parte da eta.
Komunikazioko Graduko zure promozioko lehena izan zinen, eta Elkarren praktikak egin eta gero “eszedentzia” bat hartu zenuen musikaren aldeko apustu profesionala egiteko. Eta ondo daramazu. Entzuna daukat 2018ko bira ere itxita daukazula jada.
Ez dut uste eszendentzia denik, lanez aldatu dut. Gainera Komunikazioko ikasketek formatu naute eszenatokitik kanpo egiten dudan lana egiteko. Eta bai, momentuz eta zorionez oso ondo doakit. Lanean jarraituko dut horretarako! Bira polita daukagu aurretik.
Bigarren diskoa ere autoekoiztuko duzu? Badakit diskoetxeren batek tentatu zaituela. Libre izaten jarraitzen duzu?
Bigarrena ere autoekoiztuko dut bai. Librea naiz, eta orain delegatzen hasia naizela oraindik libreagoa. Sergio Cruzadok laguntzen nau kontzertuen antolaketan eta aukeraketan, eta beste guztia nire izenpean egiten dut. Momentuz horrela funtzionatzen jarraitzeko asmoa daukat.
Egia al da Gabonzaharretan muxuez gain familiakoek belarritik tira egiten dizutela?
Kar, kar, kar… Bai! Kandelak itzaltzen ditut mahatsak jan baino lehen.
Zer eskatzen diozu 2018ari?
Bakea.
Ez dut amaitu nahi galdera oso intimo batzuk egin gabe. Zer ikasi duzu zure ama Inmagandik, zure aita Juankargandik eta zure ahizpa Nereagandik?
Nire amagandik ikasi dut pertsona ona izaten, enpatizatzen, ondokoa laguntzen, jatorra izaten, ezagutu gabe ez epaitzen, eta oraindik asko daukat beregandik ikasteko. Nire aitagandik abenturazalea izaten, jakin-min etengabea izaten, ausarta izaten, maitasuna lotsarik gabe erakusten. Nereagandik apala izaten, elkar zaintzen, pazientzia izaten eta espazioak errespetatzen, eta… inbaditzen.