KEPA AGINAKOK EGINDAKOA · Abadiñoko lanbide zaharrak izango dira 2018ko Udal egutegiaren ardatza
· Dohainik banatuko da abenduan Errotan eta Udal Mediatekan
Abadiñoko Udalak prestatua du 2018ko Udal Egutegia, aurten herriko lanbide zaharrei eskainia. Ogibideak izenburuaren azpian, herriko lanbide zahar batzuk, bai baserrikoak, bai kalekoak, herritarren oroimenean finkatzea dauka asmoa egutegiak, Gazteria Arloko zinegotzi Ima Zapardiez esan duenez.
Udalak Durangoko Kepa Aginako argazkilari profesionalari enkargatu dio lanbide zaharren argazkiak egitea, eta hala geratu dira jasota hainbat lanbidetan aritzen diren abadiñarren irudiak, urteko hile bakoitzerako bana: ortulariak, artzainak, zapataginak, arado-saltzaileak, harginak, dendariak, egunkari saltzaileak, gaztaginak eta olagintza eta fundizio langileak.
Egutegia dohainik banatuko da abeduaren erditsutan Errota Kultur Etxea eta Udal Mediatekan.