ARITZ LABRADOR ODRIOZOLA: «Aurten Suitzan eta Alemanian txistu kontzertuak eskaini ditut»
Etxahun Gonzalez Sarria
(Karramarro gazteen aldizkaria)
Biokimikako graduak Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen graduen artean sarrera notarik altuena du. Amorebieta-Etxanoko Aritz Labrador Odriozolak sartzea lortu zuen eta baita ohorezko matrikularekin bukatu lehen maila ere. Baina zientzia alde batera utzi eta… Musikenen —musikarien unibertsitatea— txistuarekin goi ikasketak egitea erabaki du Aritzek. Ez da erabaki erraza izan, etxean eta inguruan denetarik entzun behar izan baitu, musikak etorkizun oparoaren bermerik ez duelakoan. Hala ere, musikak bestelako alorrek duten garrantzia bera duela erakutsi eta txistua munduan zehar ezaguna egitea du helburu zornotzarrak.
Noiz eta zergatik erabaki zenuen txistua jotzea? Zer-nolako garrantzia du zure bizitzan?
Bost urterekin euskal dantzetan hasi nintzenetik. Izan ere, txistua dantza horietan betidanik egon den instrumentua izan da, Bizkaian behintzat. Ordutik musika eskolan sartzen saiatu nintzen, baina irakasle eta plaza gutxi zeudenez, ezin izan nuen 11 urte bete nituen arte musika eskolan sartu.
Txistua nire egunerokotasunean dago beti, argi eta garbi. Ez bada jotzen dudalako (arraroa da egunen batean ez jotzea), entzuten nagoelako. Era batera edo bestera, beti dago hor.
Zer erronka dituzu txistuarekin?
Alde batetik, maila pertsonalean, txistuaren eta musikaren inguruko hezkuntza bat jasotzea eta instrumentista profesionala izatea etorkizunean. Bestetik, instrumentu bezala txistua besteen parekoa dela erakustea. Hau da, txistua euskal kulturaren parte garrantzitsua izateaz aparte, gainerako instrumentuek izan duten garapen bera izan dezakeela txistuak: antzoki garrantzitsuetan kontzertuak emateko gai den instrumentua da, ganbera musikan, orkestran, bandetan, bakarlari bezala… Laburbilduz, beste instrumentuei ematen zaizkien aukerak txistuari ere ematea.
Europatik zehar ibili zara txistu kontzertuak eskaintzen…
Hala da. Aurten Suitzan eta Alemanian kontzertuak eskaini ditut. Suitzan, txistua, biolina eta biolontzeloa uztartu genituen, eta Berlinen pianoa lagun. Jendea harritua gelditu zen esku bakarrarekin hainbeste soinu egin daitezkeela ikusita. Berlinen gainera danborrarekin jo nuenez, flipatu egin zuten, bi instrumentuak batera jo nituelako.
Euskal Herrian ere kontzertu asko eman ditut, tartean, Bilboko kontserbatorioko bandarekin.
Uste al duzu musikak behar duen garrantzia duela hezkuntza sisteman?
Ez, eta, gainera, gero eta gutxiago. Nire ustez, edozein hizkuntza bezala, musika komunikazio tresna izugarria da. Nahiz eta musika instrumentu bat ez jo, nork ez dauka musikarik bere eguneroko bizitzan? Une bakoitzean sentitzen duzunaren arabera, soinu ugari entzuten ditugu. Besteen aurrean hitz egiten dugunean, tonu bat, erritmoa bat… erabiltzen dugu. Musikak horren inguruko jakintza eskaintzen digu eta oinarrizko gaitasunak dira horiek. Tamalez, musikari ez zaio behar duen garrantzia ematen, eta zientzialariak, ingeniariak eta eskulana bilatzen dihardute agintariek.
Boteprontoan
Uda ala negua?: Uda.
Pelikularik gustukoena?: Piratas del Caribe.
Zein liburu ari zara irakurtzen?: Alex Rossen “El ruido eterno”.
Gustukoen dituzun kirolak? Zein praktikatzen dituzu?: Euskal dantzak, ikustea eta praktikatzea
Badaukazu animaliarik etxean?: Ez.
Zer duzu gustuko, txisteak kontatzea ala entzutea?: Entzutea.
Zein da zure jakirik gogokoena?: Albondigak patata frijituekin.
Birziklatzen al duzu?: Bai.
Zein da eguneko unerik gogokoena?: Arratsaldea.
Nolakoa da zure egun perfektua?: Musikaz beteta dagoena eta aspertzeko aukerarik ematen ez duena.
Ohea egiten duzu?: Bai.
Definitu munduaren egoera hitz batean: Puff!!
Zerbait soberan al dago munduan?: Diru gosea.
Eta zer falta da?: Enpatia.
Asteko zein egun duzu gogokoen?: Zapatua.
Zerbaitek izutzen zaitu?: Datorren ikasturteak.
Zerk lasaitzen zaitu?: Musika jotzeak eta entzuteak.
Zer ikusten duzu telebistan?: Polizia telesailak, lo gelditzeko.
Bidaiatzea gustatzen zaizu?: Bai, izugarri.
Hegazkina, itsasontzia ala autoa?: Hegazkina.