Ruper Ordorikak ere parte hartuko du Joseba Sarrionandiari Iurretan egiten dabiltzan esker-oneko ekitaldietan
Izaskun Ellakuriaga
Ostegunean izango da Oñatiko abeslaria Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean. Arratsaldeko 18.30etan, Isaac Xubinegaz parte hartuko du ‘Tiempo de exilio’ errezitaldian. Abeslariaren Facebook orrian irakurri ahal izan dute albistea bere jarraitzaileek. Argitu da, beraz, Iurretako Udalak argitaratutako egitarauan iragartzen izan duten ‘gonbidatu berezia’ nor den.
Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiaren arteko hartuemana urteetakoa da. Biak dira beste askoren artean POTT bandako kideak. Gainera, oñatiarraren kantuetan sarri aurkituko ditugu iurretako idazlearen berbak. Guria ostatuan izenarekin argitaratu duen azken diskoan ere badira Josebaren letrak, esaterako Kontserba fabrikaren aurrean izeneko hurrengo kantua.
Aste osoan zehar denetariko ekitaldiak izango dira Iurretan, Joseba Sarrionandiari esker oneko jardunaldietan. Irakurketa publikoak, literatur berbaldia, ipuin-kontaketa, antzerkia, ibilbide literarioa eta larunbat arratsaldean Askondoko aterpean egingo den ekitaldi nagusia. Bertan ikusi ahal izango da lehenengoz Joseba Sarrionandia, han eta hemen dokumentala.
Etiquetas: Iurreta, Joseba Sarrionandia