Astelehena,
2025ko Martxoak10

MugaKultura

loader-image
Durango
11:19 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 75 %
Ráfagas de viento: 14 Km/h

Durangoko Udalak II. Berdintasun Plana onartu du

Durangoko udalbatzak aho batez onartu du Emakume eta Gizonen arteko II.Berdintasun Plana, asteon egin den osoko bilkuran (2017/09/26). Planak datozen hiru urteetarako indarraldia izango du.

violencia Durango mujer mugalari

ARGAZKIA · Mugalari

Hauek dira planaren ezaugarri nagusiak:

  • Berdintasun arloko diagnostikoan oinarritutako helburuak eta ekintzak ezarriko ditu, udalaren eskumen eta ekintzarako gaitasun errealak aintzat hartuta.
  • Gizarte arloko helburuak mahaigaineratuko ditu, horrela, balore aldaketak sustatzeko, emakumeen jabekuntza bultzatzeko, erantzunkidetasunezko gizarte antolakuntza garatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria desagertarateko.
  • Genero ikuspegia txertatuko du herritarrengan eragin handia duten programa eta egitasmoetan.
  • Planaren helburuek udalaren zeharkako kudeaketa planarekin egingo dute bat. Kudeaketa plan berri horretan, udal arloen koordinazioa lantzen da esku-hartzeak eraginkorragoak izan daitezen.
  • Berdintasun Sailak gero eta funtzio gehiago hartuko ditu, horrela, udal arlo guztietan berdintasuna zehar-lerroa izan dadin laguntzeko. Berdintasun plan berriaren indarraldian, zeharkako esku-hartze horien koordinazioan Berdintasun Sailak izango dituen betekizunak zehaztuko dira.

Plana dagoeneko martxan dagoela adierazi du Pilar Rios berdintasun arloko zinegotziak. Azaldu duenez, udalean zeharkakotasun mahai bat eratu da, eta bertan udal arlo guztietako teknikariek parte hartzen dute. Mahai hori Kety Arrabak berdintasun teknikariak koordinatzen du, eta taldearen helburua da udaleko arlo guztietan txertatzea emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko eta indarkeria prebenitzeko helburuak eta ekintzak. Gainera, udaleko barne egituran aukera berdintasuna presenteago egon dadin egingo da lan. Riosek gaineratu du genero ikuspegia ordenantzetan eta proiektuetan ere hasi direla txertatzen.

· Gizarte inplikatua · Horrez gain, hainbat bide erabiliz, indarkeriaren aurreko prebentzioari buruz lanketa egiten ari da udala. Berdintasun zinegotziak beretzako garrantzitsuenak direnak nabarmendu ditu: “Lehenengo egitasmoa Herritarren Ituna da; gizarte osoa inplikatu gura dugu ekintza integral horretan, ituna bizirik dago eta ahalik eta atxikimendu gehien lortzea gura dugu. Bigarrena, indarkeria sexisten biktimak hobeto artatzeko protokoloa da; Durangoko Udala eskualde mailako erakundeen arteko koordinazio protokolo horretan parte hartzen dabil. Hirugarren proiektua Hiri Debekatuaren Mapa da; bertan, emakumeentzako herriko “gune ilunak” direnak markatzen dira, eta eguneratu egin dugu. Laugarren, Durangoko mugimendu feministari babesa ematen diogu indarkeria matxistaren kontra egiten dituen ekintzetan.

Berdintasun zinegotziak udalbatza osatzen duten alderdi guztien inplikazioa nabarmendu eta eskertu du, eta azaldu du konpromiso horren adierazgarri dela II.Berdintasun Plana aho batez onartu izana. Herriko mugimendu feministari eta planerako ekarpenak egin dituzten herritar guztiei ere eskerrak eman dizkie.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu