Gerediaga Elkartea: «Merinaldeko Ezpatadantzari Egunaren 50. Urteurrena ospatuko dugu Iurretan»
Testua · Gerediaga Elkartea
Aurten, Gerediaga Elkarteak, Durangaldeko dantza taldeek eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, elkarlanean, Ezpatadantzari eguna antolatu dute irailaren 24rako, Iurretan. Edizio honetan laguntzaile berezia eskaini dute hurrengoek: Mikel Deuna dantza taldea, Iurretako Udala eta Kofradiak, Smurfit Kappa, Zarate-Elexpe eta herriko taberna-jatetxeek.
1967an Iurretan ospatu zen lehenengoz, irailaren 24an ere, Ezpatadantzarien Eguna. Ordutik, “Dantzari dantza” izenarekin ezagutzen den bederatzi dantzak osatzen duten multzoa ezagutzera ematea izan da helburua.
“Dantzari dantza” edo gaur egun “Bizkaiko Ezpatadantza” izenarekin ezagututako dantzak Durangaldean mendeetan zehar iraun ondoren eskualde honetatik Bizkaiko lurraldeetara zabaldu ziren XX. mende hasieran.
Jatorrian lurralde zabalago baten dantzatutako dantzak izan omen ziren, baina XIX. mendearen bukaeran Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz, eta Garaiko elizateetan bakarrik dantzatzen ziren. XX. Mendearen hasieran, berriz, berpizkunde handi baten ondoren, Bizkaiko lurralde gehienetara zabaldu zen, gaur egun ezagutzen dugun ikur bihurtu arte.
Dantzari dantza bederatzi dantzak osatzen dute: agintariena (lehengoa eta ikusgarriena, Durangaldeko zenbait elizatek mantendu izan duten banderak dantzarien gainean eraikitzen direlako). Jarraian zortzinangoa, ezpata joko txikia, banangoa, binangoa, ezpata joko nagusia, launangoa, makil-dantza eta txotxongiloa dantzatzen dira.
Bukatzeko soka dantza edo erregelak plazaratzen dira: aurreskua eta atzeskua.
· Egitaraua ·
12,30ean: Dantzarien kalejira, Aita San Migel plazatik Iurretara eta buelta.
13,00etan: Dantzari dantza eta Soka dantza edo erregelak Aita San Migel plazan.
15:00etan: Herri bazkaria Askondo aterpean. Ondoren erromeria eta kalejira Iurretan zehar
· Partaideak ·
Durangaldeko 11 dantza talde: Iurretatik lau talde, Izurtza, Garai eta Mañaritik talde bana, Berriztik Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeak eta Durangotik Txoritxu Alai eta Kriskitin dantza taldeak.
1967 – 2017. 50 urteko bidea
Folklorea beti izan da Durangaldeko ikurretako bat. Mendeetan mantendu izan diren dantzen artean “Dantzari-dantza” eta “Soka-dantza” izan dira ospetsuenak. 1965ean, Gerediaga elkartea sortu zen urtean, dantza hauek ez zeuden euren garairik onenean. Hainbat taldek ez zuten ezagutzen Dantzari-dantzako bederatzi dantzak. Soka-dantzaren “osasuna” ere gainbeheran zegoen.
Aurreskua dantzatzen zen, baina atzeskua ez zen sarri plazaratzen. Gainera, belaunaldi batetik bestera dantza eta ohituren transmisioa
kolokan zegoen. Giro horretan Iurretako Gerediagako bazkideek proposatu zioten Gerediaga Elkarteko batzar nagusiari “Ezpatadantzari Eguna” izenarekin dantzarien arteko jai egun bat ospatzea. Proposamena onartua izan zen eta 1967ko irailaren 24an egin zen lehenengoa.
Domeka horretan, meza nagusiaren ostean, Durangaldeko dantza taldeak batu ziren Iurretako plazan eta gure eskualdeko Dantzaridantza dantzatu zuten. Egun horretan, gure dantzen berreskuratzean lehen pausuetariko bat eman zen. Ekitaldiak izandako arrakasta ikusirik, Gerediagatarrek erabaki zuten urtero herri ezberdin batean dantzarien topaketa antolatzen jarraitzea.
1968an, Berrizen antolatu zen, 1969an Garain, 1970ean Abadiñon eta horrela 50 urtetan zehar. Urte bitan, 1973 Otxandion eta 1975 Mañarian, agintariek jaia ospatzea debekatu zuten. Beste hirutan – 1994, 1996 eta 1997an – zenbait ahulezia direla eta jaia ez zen ospatu. Aurten 48.enez ospatuko da “Ezpatadantzari Eguna” (lehenaren 50. urteurrena) Iurretako plazan.
Egun hau antolatzea ez da izan folklore arloan Gerediaga Elkarteak burututako lan bakarra. Igarotako bost hamarkada hauetan, zaindu, ikertu eta zabaldu esaldia landuz, ugariak izan dira argitaratutako liburu eta liburuxkak, bultzatutako ikerketak, antolatutako erakustaldiak edota eskainitako aholkularitza.