«Kriskitin taldeko dantzari eta musikariok ‘Akelarrea’ izeneko ikuskizuna eskainiko dugu Bakioko Eneperi auzoan»
Testua · Kriskitin
Gaur, Kriskitin taldeko dantzari eta musikariok AKELARREA izeneko ikuskizuna eskainiko dugu Bakioko Eneperi auzoan, Jaizale talde txistulari eta Doinu Zahar taldeko abeslarien laguntzaz, San Juan bezperan, udako solstizioari ongi etorria emoteko.
Urteko egunik luzeenaren eta gaurik laburrenaren magian murgilduz, udako soltizioa iragartzeko, dantza eta musika ikuskizuna da AKELARREA, antzinako akelarreetara bidaia imaginarioa, hain zuen.
Kriskitin taldeko Inma Garrastatxu da koreografiaren sortzailea eta ikuskizunaren zuzendaria. 60 partaide abiatuko gara Bakioko Eneperira; 30 dantzari eta beste horrenbeste musikari eta abeslari. Ordu bete inguru iraungo du gure saioak
Gure akelarrean dantza, musika eta alaitasuna dira nagusi, gizon eta emakumeen arteko hurbiltasunerako biderik ohikoena eta baztertu ezin den ekintza baita.
Garai bateko gizandreak ostera, gaitzetsi, zigortu eta erre egin zituzten, derrigorrean horrelako aitorpenak egitera behartu ondoren: “…eta emakume hark, xaloki, egia zela aitortu zuen, izan zela behin akelarrean, baina dantza egitearren joan zela, denontzako gozagarria den dantza egitearen grinari uko egin ezinik”
Gure bidaian aspaldiko akelarreetako gizandre haiek gogoan izango ditugu eta, bide batez, haien askatasun egarria eta dantzaz gozatzeko grina kutsatzen ahaleginduko gara Bakioko Eneperin gure ikuskizunera hurbiltzen diren guztiei.
Gogoratu, ekainaren 23an 23:00etan da hitzordua. Bakioko Eneperin. Magiaz beteriko gaua izango da. Itsasoaren kresal usainean hartuko ditugu aurten gauerdiko garoak. Kolosala izango da.