Elorrioko Udalak auzolanean prestatuko du San Juan Sua
Mgalari
Iaz Zumelegi erreka auzolanean garbitu zuen Udalak, eta egun hartako arrakasta ikusita, ekimena errepikatzea erabaki du.
Ekainaren 23ko San Juan bezpera modu herrikoiago batean prestatzeko asmoari helduta, sua auzolanean prestatzeko deialdia egin du Elorrioko Udalak. Horretarako, plangintza berezia antolatu du hainbat eragilerekin batera: “Ondo dakigu umeei ez zaiela begira egotea gustatzen, nahiago dutela eurek ere San Juan Sua prestatzen jardun. Horregatik, aurten San Juan sutara botatzeko egurrak auzolanean bilduko ditugu. Iaz ere, Zumelegi erreka garbitzeko auzolana antolatu genuen, eta egun hartako arrakasta ikusita, beste auzolan bat antolatzea erabaki dugu”, azaldu du Txus Arrieta zinegotziak.
Kiroldegi atzean egiten den sutzarra elikatzeko asmoz, bi txandatan bilduko dira egurrak. Hasteko, ekainaren 18an, herritarrek soberan izan ditzaketen egurrezko objetuak zakarguneetan uzteko deia egiten die Udalak, biharamunean udaleko Lan-Brigada arduratuko baita horiek sutarako pilatzen.
Horrez gain, ekainaren 22an, 17:00etan plazatik bi talde ezberdin abiatuko dira egur bila. Pilatutako egurra kiroldegi atzean utziko da, udal brigadarekin elkarlanean.