Amorebieta-Etxanoko Enplegu Bulegoak 500 pertsona baino gehiagori arreta eman die beraien lan-egoera hobetzeko
Mugalari
· Enplegu Zerbitzuaren xedeak dira lan-bitartekaritza eskaintzea eta ekintzaileei laguntza ematea
· Udalak 60.000 euro inguru biltzen dituzten 29 diru-laguntza eman ditu Amorebieta-Etxanoko herritarrak kontratatzeko, bai eta negozio berriak sortzeko laguntza gisa ere
Amorebieta-Etxanoko Enplegu Bulegoak 500 pertsona baino gehiagori arreta eman die, bulegoa duela urtebete abian jarri zenetik. Martxan jarri orduko, Enplegu Bulegoaren jarduerak funtsezko bi helburu izan ditu: lan-bitartekaritza eta ekintzaileak laguntzea.
Lehenengo xedeari dagokionez, bulegoak laguntza eskaintzen die udalerriko biztanleei; izan ere, enplegua bilatzen laguntzen die dagoeneko existitzen diren eskaintzetan bitartekari-lana eginez eta udalerriko enpresetan gerta daitezkeen enplegu-eskariak jasoz. Era berean, langabeei zein enplegua hobetu nahi duten pertsonei aholkularitza ematen zaie gehien eskatzen diren profil profesionalen inguruan, gaitasun eta prestakuntza, ahal den neurrian, lan-merkatuan eskatutakoaren arabera egoki ditzaten.
Hori lortzeko, udalerriko enpresekin harremanetan jartzen dira dituzten kontratazio-premiei erantzuteko bitartekaritza-zerbitzua eskaintzeko.
Hori dela eta, 500 zornotzar baino gehiago hurbildu dira enplegua eskatzera San Migel kalean dagoen lokalera. Guztira, ehun lanpostu eskatu dira, eta horien erdia betetzea lortu da. Eskatzaileen profilean ez da sexuaren araberako desberdintasunik egon. Hori horrela, enplegua bilatzen duten gizon eta emakumeen kopurua berdintsua izan da (% 51 gizonak eta % 49 emakumeak). Enplegua eskatzen duten pertsonak oro har 26 eta 45 urte bitartekoak izan ohi dira, eskola-graduatuak edo Batxilergoa dutenak (% 38), eta erizaintzako laguntzaile gisa edo garbiketako langile gisa bilatzen dute lana.
Udalak diru-laguntzak emateko 19 eskabide onetsi ditu eta beraz, guztira, 35.400 euro eman ditu udalerriko herritarrak kontratatzea sustatzeko.
· Ekintzaileentzako laguntza ·
Amorebieta-Etxanoko Udalak irmo eusten dio negozio-ideia bat duten ekintzaileei laguntza emateko egindako apustuari. Hortaz, bulegoak, Zornotza LHren laguntzarekin, ekintzailetzari ekiteko beharrezkoak diren izapideei, dauden laguntzei eta kudeaketa-eredu eraginkorrei buruzko aholkularitza eskaintzen du.
Urtarriletik, guztira, 8 pertsona hurbildu dira negozio-ideia berri bat abian jartzeko laguntzak eskatzeko, eta proposamen horietatik 3 ezarri dira dagoeneko (serigrafia eta prestaketa tailerra; ile-apaindegia; eta mertzeria eta konponketak).
Udalak 23.600 euro baino gehiago eman ditu negozio-unitate berriak sortzeko.