“Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido” erakusketak abiatuko du VI. Galdakaoko Oroimenaren Astea
Nagore Ferreira Zamalloa
· Nagore Ferreira Zamalloa Galdakao Gogora taldekidea da
1937an frankistek fusilatutako zazpi galdakarren argazki eta agiriekin batera, Larrinagako kartzelako garrotearen eta ziega baten erreplika daude ikusgai Gandasegiko eskolan, maiatzaren 13tik 20ra bitartean.
Tropa faxistek hainbat herri bonbardatu zituzten orain 80 urte, tartean Galdakao. Makina bat urte pasatu badira ere, ez dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztu gura ere. Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido erakusketak abiatuko du Galdakao Gogora memoria historikoa berreskuratzeko elkarteak, Galdakaoko Udalaren laguntzagaz, antolatutako VI. Oroimenaren Astea.
Orain 80 urte fusilatu zituzten Ángel Arostegi Bilbao, Valentín Mandaluniz Ealo, José Luis Zabala Bilbao, Santiago Zelaia Sagardui, Andres Ormaetxe Egiluz, Pedro Asua Zubiaur eta Dei Egileor Arostegi gazte galdakoztarrak. Eurak izango dira Galdakao Gogoraren 2017ko Oroimenaren Astea jardunaldien protagonista nagusiak.
Guk geuk ekoitzitako Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido erakusketak fusilatutako gazteen argazkiak, gutunak, gerra-kontseiluen agiriak eta beste hainbat dokumenturen erreprodukzioak biltzen ditu zortzi paneletan banatuta. Hildakoen familiak eta artxibategiak izan ditugu informazio iturri, orain arte ezer ez baita idatzi edo bildu Angel, Jose Luis, Andres, Valentin, Santiago, Pedro eta Deiren inguruan, euren memoria ia ezabatzeraino.
Kasu askotan benetan gaitza izan da informazioa topatzea. Badirudi faxistek eurek fusilatutako galdakoztarren memoria ezabatzea lortu zutela, zati baten bai behintzat. Informazioa han eta hemen dago sakabanatuta, erakusketa honetan lehenengo aldiz batu dira zazpi gazte hauen ingurukoak. Erakusketa hau ahanzturaren kontrako erantzuna da, omenaldi xumea.
· Garrotea eta ziega bat · Fusilatutako zazpi gazteen inguruko informazioa batzen duten panelez aparte, Bilboko Larrinagako kartzelako garrotea eta ziega baten erreplikak egongo dira ikusgai erakusketan. Orain urte bi, Bilboko Ondare Aretoan, izan zen Larrinagako kartzelari buruzko erakusketako piezak dira biak, Bizkaiko Foru Aldundiak utzitakoak.
Hainbat galdakoztar egon ziren preso Larrinagan, erakusketakoa moduko ziegetan. Garrotea 1820an hasi zen erabiltzen Espainian, eta 1978an debekatu zen. Hainbat preso hil zituzten garrotea gerra sasoian eta gerra ostean.
· Oroimenaren Astea, egunez egun · Burdin Hesia bertatik bertara ezagutzeko ibilaldi bik, berbaldi bik eta erakusketak osatuko dute aurtengo Oroimenaren Astea, maiatzaren 13tik 20ra bitartean. Jarduera guzti-guztiak debalde izango dira.
Maiatzaren 13an eta 20an, zapatua, Galdakaon dauden Burdin Hesia eraikuntzaren aztarnak ikusteko bisita gidatuak egingo ditugu. Egun bietan hitzordua 9:00etan izango da, Udaletxe aurrean.
Hilaren 13an, Altamira eta Olabarri auzoetan dauden Burdin Hesiaren hondarrak bisitatuko ditugu, gure elkarteko kideak gidari direla.
Hilaren 13an, irteeraren ostean, 13:00etan, omenaldi-ekitaldia egingo dugu Gandasegin, Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido erakusketa ikusgai dagoen areto berean. Fusilatutako zazpi galdakoztarrak gogoratuko ditugu, euren familiekin batera.
Maiatzaren 20an, Bekelarre eta inguruetako aztarnak aztertzeko aukera izango dugu. Lubakiak, bunkerrak, metrailadore-habiak eta babeslekuak ikusiko ditugu osteratxu honeetan. Burdin Hesiaren aztarna gehien dituen herrietakoa da Galdakao.
Maiatzaren 16an, martitzena, izango dugu Oroimenaren Asteko lehenengo berbaldia. Paco Etxeberria izango da hizlaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko forensea. Gorpuzkinak ateratzen, duintasunak berreskuratzen berbaldia eskainiko du. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.
Maiatzaren 18an, Josu Txueka historialariak Amaitu ez zen gerra. Heriotza, erbestea, espetxeak izango du berbagai.
Berbaldi biak Gandasegi ikastetxeko Areto Nagusian egingo ditugu, 19:30ean.
Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido erakusketa ere Gandasegin egongo da ikusgai, maiatzaren 15etik 20ra bitartean. Ordutegia: 18:30-20:30.
Galdakao Gogora elkartearen helburu nagusia Oroimen Historikoa berreskuratzea da. Urteotako isiltasunarekin amaitzea da gure asmoa, herri honetan esan, egin eta pentsatu ezin izan direnak argi adierazi. Mota askotako lagunek osatzen dugu taldea, adin eta sentsibilitate politiko ezberdinetakoek.